Pentsio duinak aldarrikatu dituzte Aste Nagusian
Barrikotea antolatu du Alderdi Ederreko Pentsiodunen Batzordeak, eta sagardo eta txorizo dastaketarekin 1.080 euroko gutxieneko pentsioa aldarrikatu dute Saguesen.
Beste era batera aldarrikatu dituzte pentsio duinak, eta Aste Nagusia dela eta, jai giroa eta aldarrikapena bateratu dituzte Donostiako jubilatuek. 11:00tan elkartu dira Saguesen, eta sagardo kupela bat jarri eta txorizo bokatak egin dituzte. Modu honetan, gerturatu den pertsona orori pentsio duinen alde borrokan jarraitzeko arrazoiak badituztela ikusarazi diote.
Gaur goizeko barrikotea hiriari pentsiodunen mugimendu soziala bizirik dagoela adierazteko beste modu bat izan da. Karpa barruan jarritako pankarta batekin, 1.080 euroko pentsio minimoa aldarrikatu dute.