Sexu erasoekin lotutako bost salaketa izan direla esan du Eneko Goia alkateak
Aste Nagusia hasi zenetik bost eraso salaketa jaso dituztela adierazi du Eneko Goia alkateak. Bost salaketetatik, bat bortxaketa saiakera izan dela aipatu du Donostiako alkateak.
Gaur goizean egin du elkarretaratzera Donostiako Udaletxe parean udal gobernuak, Donostian gertatu diren eraso sexistak salatzeko. Udalaren aldetik elkartasuna adierazi dute horrelako kasuak sufritzen dituzten emakume guztientzat, eta gertatutako kasu guztiak gaitzetsi dituzte. Gainera, Eneko Goiak azpimarratu du kalean zebilen jendearen laguntza ezinbestekoa izan dela azken hiru erasoetako bitan.
Azken orduetan, hiru sexu eraso egin dizkiete beste horrenbeste emakumeri. Azkenekoa atzo gertatu zen, Kontxa hondartzako aldageletan. Sorosle bat izan zen biktima; aldagelatik atera zen emakumea laguntza eske. Ertzaintza gertatutakoa ikertzen ari da, eta oraingoz ez du inor atxilotu.
Beste bi erasoak ostegunetik ostiralerako gauean eman ziren. Lehenengoa zezensuzkoan izan zen, gizonezko batek adingabe bati ukituak egin zizkion. Bigarren erasoa berriz, goizeko 5:00tan gertatu zen Egia auzoan. Berriz ere gizonezko batek ukituak egin zizkion emakume bati. Erasotzaileak korrika alde egin zuen. Gainera, ertzaintzak 39 urteko gizon bat atxilotu zuen ostegunean, bortxaketa salaketa batengatik. Epaileak atxilotua behin-behinean espetxeratzea erabaki zuen atzo.
Donostiako Piratek bestalde, Aste Nagusian eraso gehiago izan direla salatu zuten atzo Bulebarrean egindako elkarretaratzean. Asteazken goizean 11 eraso salatu zituzten haien gunean Donostiako Piratek. Asteazken gaueko egitaraua bertan behera utzi zuten piratek eta manifestazioa jendetsua egin zuten arratsaldean Parte Zahar eta Erdialdean zehar. Mugimendu feministak udalaren jarrera salatu du, gertatutako erasoen larritasunaren neurriko erantzunik eman ez duelako Donostiako Udalak.
Gaur gauean egingo du mugimendu feministak Aste Nagusiko lehen egunean egin ohi den eraso sexistarik gabeko jaiak aldarrikatzeko gaueko manifestazioa. Zuloaga plazatik irtengo da martxa, 23:45ean.