Aste Nagusiko egitarauak: abuztuak 18, igandea
Eguraldia: Zerua hodei gutxirekin egongo da, eta goizean erdi mailako hodeiak eta goi-hodeiak ugarituz joango dira. Egunaren bigarren zatian hodeitza handituz joango da eta zerua oso hodeitsu geldituko da; euri txikia egingo du, sarriago arratsalde-gauean, orduan zenbait tokitan ertaina izan daiteke. Haize aldakorra eta ahula ibiliko da, eguerdi partean iparraldera eta ipar-mendebaldera aldatuko da, ahul-bizi, bolada gogor batzuekin. Tenperatura maximoak nabarmen edo asko jaitsiko dira.
Jaiak:
Atzo amaitu zen Aste Nagusia, horregatik jarduera gutxi egingo dira gaur eta udalaren egitarauan ez dago ezer programaturik. Donostiako Piratek ordea, badute oraindik zer esan. Irrikitaldia ospatuko dute gaur, eta kritikaz, umorez eta satiraz, Donostiako hiriko egungo hiri eredu eta bizimodua erakutsiko dute mozorrotuta zenbait kidek. 17:00etan elkartuko dira Bulebarreko kioskoan, eta lehenago zenbait kofradiek bazkaria eta brindisa ospatuko dute euren auzoetan.