Euria ez da oztopo izan aurtengo Irrikitaldia jai giroan ospatzeko
Urtero bezala, Aste Nagusiaren amaiera ospatu dute Parte Zaharrean barrena Donostiako Piratek. Euria ez da oztopo izan, eta Irrikitaldirako mozorroak jantzita, 17:00etan elkartu dira pirata guztiak Bulebarrean.
Ohikoa den bezala, “Goia” saria banatu du Eneko Goia alkateak, eta Woody Allen zinema zuzendaria izan da saritua. Bulebarreko kioskoan jaso du Allenek saria, eta eskerrak eman dizkio Donostiako hiriari eta hiritar guztiei.
Txarangen doinuekin kalejiran atera dira ondoren Irrikitaldian parte hartu duten lagunek, eta Santa Maria elizan antzerkia egin dute. Arratsaldeko protagonistak izan dira Eneko Goia eta Arantza Tapia. Hala ere, Munilla Gotzainak abiarazi du emanaldia meza labur bat eskainiz eta Eneko Goia alkatearen lana publikoki eskertu du. Alkateak ere aurtengo Irrikitaldian lagundu duten babesleak aurkeztu ditu, eta Arantza Tapiak lagunduta hiriko zenbait gune zozketatu dituzte. Donostiako zenbait zinegotzi bertan ere egon dira, Borja Semper eta Reyes Carrere tartean.
Realaren abestia ereserki moduan abestu dute ondoren, eta euri azpian egin du aurrera kalejirak jai giroan. Era honetan eman diote amaiera aurtengo Aste Nagusiari Donostiako piratek.