Kolore guztietako jarduerak egin dituzte aurtengo Aste Nagusian
Amaitu da Donostiako aurtengo Aste Nagusia. Donostiako Udalak eta Donostiako Piratek jarduera asko egin dituzte zazpi egunetan zehar, eta hiritarrek jai giroaz gozatzeko aukera izan dute beste urte betez.
Abuztuaren 10ean egin zuten txupinazoa Donostiako Piratek. Donostiako gaztetxeek ordezkatu dute aurten Matti pertsonaia, eta Traganarrua kofradiak Ezkila irudikatu du. “Kortsarioen Donostian, izan pirata!” lelopean lehertu zen festa kaian. Aste osoan zehar Flamenka gunera gerturatu diren piratak kontzertu, emankizun, eta beste hainbat jarduera ikusteko aukera izan dute. Gainera, astelehenean ospatu zuten Abordatzea, eta mota guztietako baltsak ikusi ziren Donostiako uretan. Aste Nagusi piratari amaiera emateko, gaur arratsaldean ospatuko dute Irrikitaldia Parte Zaharrean.
Udalaren egitarauan bestalde, kañoikadarekin hasi zuten 2019ko Aste Nagusia. Onintza Mokoroak bota du kañoiakada aurten, lehen aldiz eman dio su emakume batek kañoiari Donostiako Aste Nagusian. Realeko hockey eta futbol taldeko neskak izan dira gonbidatuak, eta ohiko Artillero dale fuego abestiaren letran moldaketa egin dute Artillera dale fuego kantatuz. Buruhandiek, tailerrek, txarangek eta kultura emankizunek Donostiako auzo desberdinetako kaleak girotu dituzte aurten.
Gaueko musika eskaintza izan da jai giroa gehien poztu duena. Puntako zenbait talde igaro dira aurten oholtza gainetik, Huntza, Alex Ubago eta Ze Esatek tartean.
Aste osoan zehar jaia ez da dena izan. Eneko Goia Donostiako alkateak, atzo azaldu zuen sexu erasoekin lotutako bost salaketa izan direla Aste Nagusian. Gainera, Donostiako Piraten gunean beste hainbat salaketa izan dira ere. Asteazkenean gutxienez, 11 eraso sexistaren berri izan zuten piratek. Horregatik, asteazkeneko egitaraua bertan behera utzi zuten, eta kalera atera ziren sexu erasoen aurkako protesta eginez.
Irutxuloko Hitzatik Aste Nagusian egin diren zenbait jarduera eta albisteren inguruko jarraipena egin dugu.