Artikutzako ateak irekiko dituzte asteazkenean, San Agustin eguna dela eta
Urteroko legez, bere zaindari San Agustin eguna ospatuko du Artikutzak asteazkenean, hilaren 28an. Aurtengo ospakizuna, gainera, berezia izango da, ehun urte bete baitira Donostiako Udalak Artikutzako finka erosi zuenetik. IRUTXULOKO HITZAk Artikutzako bizitzaren inguruko erreportaje bat osatu zuen martxoan urteurrenaren eta urtegiaren hustuketaren harira. Enrique Ramos Ekologiako zinegotziak azaldu duenez, 3.250.000 pezeta ordaindu zituen udalak 1919an finka erosteko: “2019a urte berezia da, aurten baitira ehun urte Donostiako Udalak Artikutza erosi zuela. Donostia urteetan aritu zen jabeari ordaintzen ur haiek hornikuntzarako erabiltzeagatik, kalitate handikotzat jotzen baitziren, eta, 1919an, erosi egin zuen finka. Horren truke 3.250.000 pezeta ordaindu zituen, alegia, gaur egungo baliora ekarrita, 7,3 milioi euro inguru”.
Baimena eskatu gabe autoarekin finkan sartzeko aukera dagoen urteko egun bakarra izaten da San Agustin eguna, eta hainbat jarduera antolatu dituzte egun guztirako. Meza egingo dute 11:00etan, Egi Eder otxotearen parte-hartzearekin eta bi pilota partida jokatuko dituzte 11:30ean, Oiartzungo eta Goizuetako pilota eskolen eskutik. 17:30ean hiru aizkolari bikote eta fardo jasotzaile bat izango dira herri kirolen erakustaldian, eta dantzaldia egingo dute 19:30ean, Gabezin taldearen eskutik.
Bi txosna jarriko dituzte herrian bertan, han bazkaldu eta edan ahal izateko. Bestalde, eskulanak erakusteko eta saltzeko hainbat postu egongo dira, eta baita Artikutzako argazki zaharrak ikusteko aukera ere.