Donostiako Oroimenaren Bidea bisitaldi antzeztuetan parte hartzeko izen-ematea zabaldu dute
1936ko altxamendu militar frankistan eta jarraitu zion gerran Donostian gertatutakoa ezagutzeko bisitaldi antzeztuak egingo dituzte aurten ere. Iraileko larunbatetan izango dira Donostiako Oroimenaren Bidea bisitaldiak, eta bakoitzean 25 pertsonak eman dezakete izena.
Xabier Lopez Askasibar gidoilariak idatzitako obra antzeztuko dute Alvaro Garaialde eta Maria Alonso del Val aktoreek, 1936ko uztailaren 18tik Donostia frankisten menpe gelditu zen arte (urte bereko irailean) gertatutakoa kontatuz.
Hileko larunbat guztietan egingo dituzte bisitaldiak, 12:00etan eta 18:00etan, ordu eta erdiko iraupenarekin. Easo plazatik abiatuko dira, eta San Jose ikastetxetik, Askatasunaren hiribidetik, Maria Kristina hoteletik eta Kursaal zubitik pasatuko dira. Irailaren 7an eta 21ean gaztelaniaz egingo dituzte antzerkiak, eta 14an eta 28an euskaraz. Koma kultur zerbitzuen webgunean eman daiteke bisitaldietan parte hartzeko izena.