Donostiarra arraun elkarteak hainbat elkartasun ekimen egingo ditu Kontxako Banderako egunetan
Asteon hasiko dira Kontxako Banderako estropadak, eta datorren astera arte luzatuko da lehia. Aurreko urteetan bezala elkartasun ekimenak egingo ditu Donostiarra-Kaiarriba arraun elkarteak Kontxako Bandera jokatuko den bi igandeetan.
Aspanogi (Haur Minbizidunen Gurasoen Gipuzkoako elkartea) eta Zaporeak (Errefuxiatuei laguntzeko proiektu solidarioa) irailaren 1ean eta 8an Donostiarra arraun elkarteak jarriko duen gunean egongo dira informazioa emateko eta merchandisinga saltzeko. Martin Berasategi sukaldaria ere bertan izango da.
Gainera, Donostiarra elkarteak uretaratuko dituen bi traineruek Aspanogi eta Zaporeak elkarteen logoak eramango dituzte popan, elkarteon lana ikusgarri egiteko. Azkenik, Kontxako Banderako diru-sarietan jasotako kopuruaren %10 Aspanogi eta Zaporeak elkarteentzako izango da.