Manifestaziora deitu dute, G7aren aurkako protestetan atxilotutakoen alde
Gaur da G7koek Miarritzen eginiko goi bileraren azken eguna, eta Berriak azaldu duenez, topaketa hasi zutenetik 104 pertsona izan dira atxilotuak. G7 Ez plataformak hainbat mobilizazio iragarri ditu datozen egunetarako atxilotuen alde. Donostian, asteazkenerako, hilaren 28rako, deitu dute manifestaziora. Bulebarretik abiatuko da martxa, 19:00etan.
Joan den 24an hasi zen G7aren bilkura, eta aste osoan zehar, etengabekoak izan dira horren aurkako herritarren aldarrikapenak eta protestak, Hendaian, Baionan eta Miarritze inguruko hainbat lekutan. Era berean, asteburuan atxilotuen askatasuna aldarrikatzeko mobilizazioak ere egin dituzte herritarrek. Era berean, Miarritze inguruko eremuak Frantziako Poliziak hartuta egon dira egunotan, eta manifestarien eta polizien arteko liskarrak ere izan dira. Esaterako, larunbatean istiluak izan ziren Baionan, Polizia manifestariei oldartu ondoren.
Mobilizazioetan parte hartu duten herritar ugari atxiki eta atxilotu ditu Frantziako Poliziak azken egunetan, besteak beste, Joseba Alvarez donostiarra. Ezker abertzaleko eta G7 Ez plataformako kidea kontrol batean atzeman zuten larunbat gauean, Miarritzerako errepidean zihoala, G7 Ez plataformako beste kide batekin eta Alternatives G7 plataformako kide batekin batera. Alvarezek azaldutakoaren arabera, Poliziak Frantziako Estatuan egoteko debekua zuela jakinarazi zion. Atzo utzi zuten aske, Behobiako mugan. Gainera, goi bileraren jarraipena egitera joandako kazetari askok, Frantziako Poliziaren aldetik euren lana egiteko oztopoak salatu dituzte azken egunetan.