Urgulleko bolborategiko komunetako ur beltzak mendian bertan isurtzen direla salatu du Eguzkik
Talde ekologistak dio komun horiek ez daudela saneamendu sarearen barruan, eta ur beltzak inolako tratamendurik gabe isurtzen direla. “Hori onartezina da. Are gehiago, zigorgarria ere bada, baina, kasu honetan, nork zigortuko du Donostiako Udala?”, adierazi du haserre Eguzkik, ohar baten bidez. Gaineratu du udalak baduela arazo honen berri eta ez dela berria: “Orain dela gutxi arte, komun horretako ur zikinak belaze batean botatzen ziren. Hori eragozteko, belaze horretan bertan lur azpitik doan tutu batean sartu, eta, harresi historikoa zulatuta, orain basotxo batean isurtzen dira”.
Donostiako Udalak “benetako lardaskeria” egin duela esan du Eguzkik: “Udala ur beltzak saneatzeko ardura du eta ezin du, edo, behintzat, ez luke araudia urratu behar, instalazio publikoetako isuriak inolako tratamendurik gabe botata. Kalean pixa egiteagatik isuna handi samarra bada, zenbatekoa izan beharko luke komun publiko bateko ur beltz guztiak multzo historiko batean botatzeagatik? Premiazkoa da komun hauek saneamendu-sareari lehenbailehen lotzea”. Eguzki taldeak bideo bat grabatu du bolborategiko komuneko isuriak erakusteko.