Gladys del Estali buruzko erakusketa ikusgai egongo da Egiako kultur etxean
Gladys del Estalen heriotzaren 40. urteurrena dela eta Eguzki talde ekologistak eta Gladys Gogoan plataformak prestatutako erakusketa Egiako kultur etxean egongo da irailaren 2tik irailaren 27ra. Erakusketa hamalau panelek osatzen dute, eta del Estalen bizitzaren berri emateaz gain, Euskal Herriko mugimendu antinuklearraren ibilbidea ere jasotzen dute; hirugarren solairuko pasabidean egongo dira panelak.
Irailaren 8ra arte astelehenetik ostiralera 10:00etatik 14:00etara egongo da zabalik; astearteetan ere arratsaldez 16:00etatik 19:00etara ikusi ahalko da. Irailaren 9tik aurrera, berriz, astelehenetik ostiralera, 10:00etatik 14:00etara, eta 16:00etatik 21:00etara.
Joan den ekainean inauguratu zuten erakusketa, Ibaetako Informatika Fakultatean egindako omenaldian, eta, ordutik, herriz herri egon da ikusgai. Esaterako, Iruñeko Geltokin, Tuterako El Molinarren eta Lasarteko IrtenBIDETIK AlternatiBATU jardunaldietan.
Egiako militantearen heriotzaren 40. urteurrenaren harira, jarduera ugari antolatu zituen Gladys Gogoan plataformak ekainean. Azken lau hamarkadetan ere etengabeak izan dira del Estalen memoria bizirik mantentzeko herri egitasmoak. IRUTXULOKO HITZAk erreportaje batean jorratu zuen gaia, luze eta zabal.