Haurrentzako jolastokiak berritzen hasi da udala
Altzako Buenavistan dagoen haur parkea da Donostiako Udalak berritu duen lehena. Zehazki, Batelarien plazako parkea da hobetu zein osatu dutena, eta inguruan zeuden bi parke zaharkitu ordezkatuko ditu. 32.670 euroko kostua izan du.
“Txirristak, balantzatxoak eta zabuak ditu. Kasares pasealekukoa ordezkatzen du, gunean oso zaharra zelako eta etxeetatik urrun zegoelako. Berra Behea aldekoaren ordezkoa ere bada, txikia delako eta ezkutatuta dagoela. Gainera, gazte batzuen jarrera batzuengatik arazoak egoten ziren”, azaldu du Marisol Garmendia Espazio Publikoetako zinegotziak.
Datorren astean Altzako Roman Irigoien plazako haur parkea berrituko dute. “22 urte ditu gaur egungo haur jolastokiak, eta berritzeko garaia iritsi da. 36.507 euroko aurrekontua du esku hartzeak, eta ordezkatzeko prozesuak astebete iraungo du, gutxi gorabehera”, azaldu du Garmendiak. Etxadi erdialdeko parkea izango da berritu beharreko hurrengoa. Esku hartze honek 41.000 euroko aurrekontua du, eta irailaren 9ko astean hasiko da.
Udalak berrituko dituen haur parkeen artetik azkena Antiguako Gorgatxo plazakoa da. Pilotalekuaren eta auzoko elizaren atzeko aldean dago. Etxadiko berrikuntza amaitzen denean hasiko dira berritzen. 32.670 euroko aurrekontua du.
“Parke hauetako jolastoki guztiek 20 urte gainditu dituztela eta haien bizi zikloa soberan bete dutela uste dugu”, azpimarratu du Garmendiak. Eguraldiaren araberakoa izango da obra prozesua, kasu guztietan, lurrean jartzen den goma ezin baita zabaldu euripean.