Hiru film klasiko moderno ikusi ahal izango dira aurten Tabakaleran, Zinemaldiko Klasikoak sailaren baitan
Mishima: A Life in Four Chapters (Paul Schrader, 1985), Dao ma zei / The Horse Thief (Tian Zhuangzhuang, 1986) eta Satantango (Bela Tarr, 1994) zaharberritutako filmak izango dira aurten Tabakaleran Donostiako Zinemaldiko Klasikoak atalean ikusi ahal izango direnak. Iaz Ladri di biciclette / Bicycle Thieves (Vittorio De Sica, 1948) filma izan zen Tabakaleran ikusgai egon zen bakarra, baina aurten eskaintza hirura handitzea erabaki dute.
Mishima: A Life in Four Chapters izango da proiektatuko duten lehen filma, eta irailaren 24an, 19:00etan, ikusi ahal izango da. Dao ma zei / The Horse Thief filma, aldiz, irailaren 27an emango dute, 16:00etatik aurrera. Ordu berean, baina hurrengo egunean proiektatuko dute Satantango, emanaldiak 15 minutuko bi atsedenaldi izango dituelarik, zazpi ordu irauten baititu Tarren filmak.