Jolastokietako 36 etxebizitza tasatuen esleipenerako oinarriak ezarri dituzte
Donostiako Etxegintza erakundeko Administrazio Kontseiluak onartu ditu Jolastokietako 36 etxebizitza tasatuen esleipen-prozeduraren oinarriak.
Udalak orain dela hilabete batzuk sinatutako hirigintza hitzarmenari esker egun industriagunea den Jolastokietako eremua hirigune bihurtuko dute. Zehazki, Larrerdi plaza eta Bertsolari Txirrita arteko lursaila biziberrituko dute. Planaren bigarren fasea abian da dagoeneko. 46 etxebizitza libre, 36 udal-etxebizitza tasatu eta Babes Ofizialeko Etxebizitzak biltzen dituen eraikin-talde bat ari dira eraikitzen.
Oraingoz, 36 etxebizitza tasatuei dagozkien esleipen baldintzak onartu dituzte. Bi eta hiru logelako etxebizitzak dira, orokorrean. Bi logela dituzten etxebizitzek 64 eta 70 m2-ren arteko azalera dute, eta hiru logelakoek 81 eta 89 m2-ren artekoa. Garajea eta trastelekua barne, 212.642,56 euroko gutxienezko prezioa dute bi logeletako etxebizitzek eta 256.561,36 eurokoa hiru logeletakoek, %10eko BEZa gehitu behar da bi kasuetan.
Etxebizitza hauen onuradun izateko baldintzen artean, Donostiarekin lotura eduki behar da (azken bost urteetatik hirutan bertan bizi izana edo azken hamar urteetan bertan lan egin izana), ezin da beste etxebizitza baten titularra izan eta 2018ko zerga ekitaldian urteko diru-sarrerak 25.000€ eta 50.700€ artekoak eduki behar dira.
Oinarrietako baremazioak lehentasuna ematen die errentari eta elkarbizitza unitateko kideen kopuruari (30 puntu gehienez kasu bakoitzean). Izaera osagarria dute kontuan hartuko diren gainerako alderdiek: antzinatasuna (20 puntu gehienez), hiriarekiko lotura eta premia bereziko egoerak (10 puntu).
Eskaera egiteko Donostiako Etxegintza erakundaren Etxebizitza Eskatzaileen Udal Erregistroan izena eman behar da eta esleipen prozesu honetan parte hartzeko eskaera formalizatu.
Eskaerak egiteko epeak eta prozedurak promozioaren deialdia eta oinarriak Gipuzkoako Boletin Ofizialean eta www.donostia.eus wegunean argitaratzen direnean jakinaraziko dira.