Kandelek argituko dute beste behin Abuztuaren 31 kalea
Berrehun urte baino gehiago iragan dira hiriak bere historia osoan izan duen hondamendirik handiena gertatu zenetik. Horrela azaltzen du historia berreskuratzeko lanetan ari den Donostia Sutan taldeak: «Napoleonen tropa frantsesek Donostia bost urtez okupatuta eduki ondoren, britainiar armadak, espainolenarekin aliaturik, erasoan hartu zuen hiria, erraustua utziz, ordura arte inon inoiz ezagutu ez zen arpilatze izugarri batean». Aurten ere, gertakariak gogora ekarriko dituzte, eta, horretarako, hainbat jarduera antolatu dituzte.
Ostegunean, abuztuaren 29an, ekingo dio bere egitarauari Donostia Sutanek. Eneko Bidegainek 1813. Donostia ez ezik Euskal Herria ere suntsitua hitzaldia egingo du San Jeronimo kaleko ekitaldi aretoan (kriptan), 19:30ean. Bidegain Mondragon Unibertsitateko irakaslea, kazetaria eta Lapurdi 1609 elkarteko kidea da. Aurreko zazpi urteetan bezala, antzezlan ibiltaria egingo dute Parte Zaharreko kaleetan. 20:30ean hasiko da Bretxan, eta Plaza Berrian (Konstituzio plazan) amaituko da. Gainera, iragarri dute kalean 1813ko gertakariei buruzko informazioa zabaltzeko panelak jarriko dituztela, eta gaiari buruzko berri-papera banatuko dutela. Azkenik, irailaren 6an zuzi martxa egingo dute.
Bestalde, Donostiako Udalak ere ohiko jarduerak programatu ditu abuztuaren 31rako. Hona hemen egitaraua:
- 18:00 Oroimenezko desfilea Zuloaga plazatik irtengo da.
- 19:00 Omenaldia Lurreko Atean Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoaren Lagunen elkarteari, eta lore eskaintza.
- 19:30 Bretxako erasoa eta hiriaren okupazioa itxuratzea Bretxa aurrean.
- 21:00 Gazteluaren erasoa eta Donostiaren erreketaren antzezpena Zuloaga plazan.
- 21:30 Abuztuaren 31 kalean omenezko ekitaldia. Argien itzaltzea eta kandelen piztea. Suzirien argitan zeremonia paseoa San Bizente ataritik Santa Maria elizaren atariraino. Parte hartzaileak: Donostiako Udalaren Txistulari Taldea, Easo Araoz Gazte abesbatza, Santa Cecilia abesbatza, Gaztelupe abesbatza, Gero Axular dantza taldea, Andoni Aleman eta Xabier Otaegi.