Loiolara eta Martutenera zabalduko dute tamaina handiko hondakinen bilketa-zerbitzua
Bi urte daramatza martxan Intxaurrondon tamaina handiko hondakinen etxez etxeko bilketa-zerbitzuak. 2017ko urrian abiatu zuten, tamaina handiko hondakinak jasotzeko hirian dagoen sistemari alternatiba bat emateko. Tamaina handiko hondakinak etxez etxe jasotzeko doako zerbitzua Martutene eta Loiola auzoetara zabalduko dute orain.
Zerbitzua emateko kontratua urtebetekoa izango da, eta gehienez urtebete luzatu ahal izango da. Bi atal izango ditu kontratuak: Intxaurrondo auzoari dagokiona, batetik, eta, bestetik, Loiola eta Martutene auzoei dagokiena. Orotara, 23.000 donostiarrek baino gehiagok izango dute eskura zerbitzua.
Intxaurrondon zerbitzua martxan egon zen lehen urtean 952 dei jaso zituzten etxebizitzetatik eta 115.132 kg jaso zituzten. Bigarren urtean zehar 882 aldiz eskaini zen zerbitzua, eta guztira 113.162 kg hondakin jaso ziren.