Ostegunean hasiko dira Euskal Jaiak, eta jardueraz beteriko egitaraua prestatu dute
Kontxako Banderako sailkatze estropadekin hasiko dira Euskal Jaiak, eta irailaren 10era arte iraungo dute. Guztira 72 jarduera eskainiko dituzte jaiek iraungo duten 13 egunetan, eta Nekane Arzallus alkateordeak azaldu duenez, urtero jarduerak larunbatean hasten badira ere, ostiralean hasiko dira aurten, Abuztuaren 31ko jarduerekin bat ez egiteko. Konstituzio plazako esku-dantzarekin hasiko dira Euskal Jaiak, Donostiako Udaleko Txistulari bandak lagunduta, eta musika, bertsolaritza, zinema, garagardo festa, Sagardo Eguna, gastronomia eta kirol jarduerak egingo dituzte jaien 13 egunetan zehar. Egitarau osoa helbide honetan kontsultatu daiteke.
Jaien hasiera egunaren aldaketaz gain, Sagardo Eguna eta kaian egingo dute Habanerak ikuskizuna dira berritasun nagusiak. Izan ere, Sagardo Eguna jaien hasieran izan ohi da, baina irailaren 7an izango da aurten, jaiak bukatzear daudenean, hain justu. Olatz Mitxelena Gipuzkoako Sagardogileen Elkarteko koordinatzaileak azaldu duenez, 34 edo 35 sagardotegik hartuko dute parte aurten ere Euskal jaietan, eta 7.000 edo 8.000 sagardo botila inguru kontsumitzea aurreikusten dute. Hala ere, beraientzat garrantzitsuena jendeak “sagardoaz gozatzea” dela nabarmendu du Mitxelenak. Urteroko legez, tolarea jarriko dute, eta sagardoa nola egiten den ikusteko aukera egongo da.
Habanerak ikuskizunari dagokionez, parte hartzearekin “oso pozik” agertu da Urko abeslaria, asko gustatzen zaion generoa baita Habanerena, eta Donostian “nahiko ahaztuta” dagoela uste baitu. Urkoren arabera, horrelako ikuskizun bat egiteko leku zaila da kaia, baina antolakuntzak “oso lan ona” egin duela nabarmendu du. Bestalde, berak Ameriketara joan nintzen, Azken txanpa eta Txakoli kantak abestuko dituela aurreratu du. Azken hori Urkok berak idatzi duen Habanera berria da, eta jendea ikuskizunean abestera animatu du. Urkoz gain, Leire Martinez, Ainara Ortega, Euken Ostolaza, Iñaki Salvador, Ana Huarte, Pedro Palacin, Gaztelupe Otxotea eta Luberri Abesbatza arituko dira.
Jarduera horietaz gain, irailaren 6ko Iñaki Perurenaren Harria, maitasun istorioa emanaldia, irailaren 7ko Donostia Bertsotan emanaldia (Unai Agirre, Uxue Alberdi, Miren Artetxe, Amets Arzallus, Unai Iturriaga eta Iker Zubeldia bertsolariekin) eta irailaren 9ko eta 10eko Poesia Orduak nabarmendu ditu Arzallusek.
Bestalde, kirol jarduerek presentzia nabaria izango dute aurten ere, Kontxako Banderako bi jardunaldiak, pilota partidak, waterpolo txapelketa eta Urgulleko krosa egongo baitira, besteak beste.