11/13 makroepaiketako auzipetuen aldeko ekimenak egingo dituzte irailean zehar
47 euskal herritar epaituko dituzte irailaren 16an abiatuko den 11/13 makroepaiketan, tartean bost donostiar. Udan zehar auzipetuen aldeko ekimenak antolatu dituzte auzo eta herrietan eta epaiketaren hasiera-eguna gerturatu ahala “47ak herrian” aldarria egiten duten elkartasun erakustaldiak ere ugaritu dira.
Auzipetutakoei elkartasuna adierazi eta haien egoera ikusarazteko hainbat ekimen antolatu dituzte Donostian irailaren lehen erdirako. Irailaren 1ean, igandea, “Irtenbidera boga” ekimena egingo dute Bulebarrean, 13:30etan. 3an, asteartea, Ibon Meñakak eta Haizea Ziluagak makroepaiketari buruzko hitzaldia emango dute Groseko Marruma elkartean 19:00etan.
Egian, Joxe Herrian aldarripean hainbat ekitaldi antolatu dituzte. Irailaren 6an, ostirala, 19:30etik aurrera, Plaza Haundin pintxo potea eta elkartasun argazkiak egingo dituzte eta mahai bat ere egongo da informazioarekin. Irailaren 14an, larunbata, “Porrontxotako Elkartasun Eguna” egingo dute, auzoko jaien baitan. Bazkarirako txartelak dagoeneko eskuragarri daude “ohiko lekuetan”. Egun berean manifestazio nazionalerako deia egin dute, halaber. Bilbon izango da, 17:30ean.
Azkenik, makroepaiketaren hasierarekin batera, irailaren 16an, astelehena, elkarretaratzea egingo dute Tabakaleran 19:30ean. 16tik aurrera astelehenero elkartuko dira bertan.
Halaber, Herreran elkartasun eguna egingo dute irailaren 7an, “Fernando Herrian” aldarripean.