Artikutzaren ehun urteak ospatu dituzte San Agustin egunean
Ehun urte bete dira Donostiako Udalak Artikutzako lursaila erosi zuela. Gaur, hilak 28, San Agustin eguna ospatu dute Artikuntzan. Finkaren ateak ireki dituzte eta hainbat ekitaldiz gozatzeko aukera izan dute han izan direnek. Udaleko hainbat ordezkariek ere parte hartu dute jardueretan.
Egieder otxoteak girotu duen meza, Goizuetako eta Oiartzungo pilota eskolek antolatutako pilota partidak, herri kirolen erakustaldia (aizkolariak eta fardo jasotzaileak) eta Gabezin taldearekin erromeria dira egunean zehar egiten ari diren jarduerak. Ohi bezala, artisautza erakusteko eta saltzeko postuak egon dira, baita bazkaltzeko eta edateko tokiak, eta Artikutzako argazki zaharrak ikusteko aukera ere izan da erakusketa baten bitartez.
Donostia urteetan aritu zen ordaintzen lursailaren ur haiek hornikuntzarako erabiltzeagatik, kalitate handikotzat jotzen baitziren, eta 1919an erosi egin zuen finka. Donostiak Artikutzan egiten zuen aprobetxamendu hidraulikoaren ondorioz, zokoratzen joan ziren han egiten ziren beste zenbait ustiapen, eta, hala, bere onera etortzen hasi zen natura eta halaxe jarraitu du gaur egunera arte. Donostia mende batez lursailaren titular izan eta gero, Artikutza, gaur egun, balio naturalistiko handiko enklabea da.