Eguzkik kutsadura kasu berri bat salatu du Buenavistan
Eguzki talde ekologistak kutsadura kasu berri bat salatu du Pasaiako Portuan, oraingoan Buenavistan, Altzan. Taldeak ohar bidez azaldu duenez, azken kutsadura kasua joan den astean gertatu zen, zamaontzi batek ekarri zuen karea deskargatzen ari zirenean. Karea inguruetan haizatu zen, “behar bezalako neurririk hartu ez zutelako”. Ondorioz, Buenavistako auzotarrek eztarrian azkura sentitu eta bi egunez leihoak itxita eduki behar izan zituztela salatu du Eguzkik. Haizatutako kare kopurua “ez zen gutxi izan”, talde ekologistaren arabera, baretu eta leiho ertzetan, autoetan eta kalean bertan jarri zenean ikusi ahal izan zenez.
“Zoritxarrez, portuan aritzen diren enpresek sarri urratzen dute ingurumen araudia”, adierazi du talde ekologistak. Horrela, airea eta itsasoa kutsatzeaz gain, auzokoen osasuna arriskuan jartzen dutela gaineratu dute. Erakunde publikoen hipokrisia kritikatu dute, “ezikusiarena” egiten dutela argudiatuz: “Hori gutxi balitz, portuko agintaritzak, tarteka, ingurumen araudia zer zorrotz aplikatzen duen jakitera ematen du”.
Portu inguruko auzotarrek salaketa ugari jarri dituztela jakinarazi dute, batzuetan norbanako gisa, besteetan talde gisa, Badian Bizi taldearen izenean. Hala ere, erakundeek ezikusiarena egiten jarraitzen dutela kritikatu dute: “Ezin dute egun batean klima larrialdiaz hitz egin, eta hurrengo egunean, berriz, beste aldera begiratu ingurumen araudia urratu eta herritarren osasuna arriskuan ipintzen duten praktiken aurrean”. Erakundeei dagozkien erantzukizunak beraien gain hartu eta “modu eredugarrian” jokatzeko exijitu diete.