Gazte sahararren errealitatea erakusten duen argazki-erakusketa jarriko dute Liburutegi Nagusian
Irailaren 2tik 30era bitartean bisitatu ahal izango da Nuria Gonzalez argazkilari arabarraren Zutik hautsa eta harearen artean: gazteak herri sahararraren eskubideen alde erakusketa, Liburutegi Nagusian. Lehenago Gasteizen egon zen ikusgai erakusketa, eta Bilbo izango du hurrengo geltokia.
Mundubat Fundazioarekin batera eta Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren laguntzarekin garatutako proiektuaren fruitua da erakusketa, “gazte sahararrek euren ametsak betetzeko egunero egiten duten borroka dokumentatzeko asmoz” egindakoa.
Tindufeko (Aljeria) kanpamenduko gazte saharar errefuxiatuekin 2017 eta 2019 urteen bitartean egindako argazkiek osatzen dute erakusketa. Lau hezkuntza zentrotan burutu zen proiektua eta formakuntza-prozesuen bidez eraman zen aurrera: bake-kultura, giza eskubideei buruzko pedagogia eta hedabideen inguruko formazioen bueltan. Formakuntza eta garapen prozesu horiek dokumentatzen dituzte Gonzalezen argazkiek.