Hamasei film proiektatuko dituzte Zinemaldiko Made in Spain sailean
Espainiako Estatuan ekoitzitako zinema nazioartean ikusgai egoteko plataforma bat izatea du helburu Donostiako Zinemaldiko Made in Spain sailak, eta hamasei film hautatu dituzte aurten proiektatzeko. Horietako hiru Zinemaldian estreinatuko dituzte, beste batzuk zinemagile batzuek lehen film luzeak dira eta beste batzuk Malagako zinema jaialdian estreinatutakoak dira.
Estreinaldietan film luze bat, dokumental bat eta Espainiako Estatuko zinemaren bilduma bat daude. David Trueba zinemagileak Chicho Sanchez Ferlosio kantautoreari buruz egindako Si me borrara el tiempo lo que yo canto filma da horietako bat. Jon Sistiaga eta Alfonso Cortes-Cavanillasen Zubiak da aipatu dokumentala, non Juan Mari Jauregi ETAren biktimaren istorioa kontatzen den. Azkenik, Antonio Resinesek eta Ana Perez-Lorentek Historias de nuestro cine filma estreinatuko dute.
Bestalde, Esteve Solerrek, Gerard Quintok eta David Torrasek 7 raons per fugir euren lehen lan luzea proiektatuko dute Zinemaldian, eta gauza bera egingo dute Zinema eta Ikus-entzunezkoen Kataluniako Goi-Eskolako hamaika ikaslek, La filla d’algu filmarekin.
Horietaz gain, honakoak izango dira sail horretan proiektatuko diren beste filmak: Buñuel en el laberinto de las tortugas (Salvador Simo), Dolor y gloria (Pedro Almodovar), El cuarto reino. El reino de los plasticos (Adan Aliaga eta Alex Lora), El viatge de la Marta (Neus Ballus), La banda (Roberto Bueso), La ciudad oculta (Victor Moreno), La virgen de agosto (Jonas Trueba), Los dias que vendran (Carlos Marques-Marcet), Me llamo Violeta (David Fernandez de Castro eta Marc Parramon), Ojos negros (Marta Lallana eta Ivet Castelo) eta Superlopez (Javier Ruiz Caldera).