Porrontxo jaietan danborrada egingo dute lehen aldiz
Porrontxo jaietako berritasun nagusia izango da. Helburua da festa giroa ahalik eta gehien zabaltzea, eta jende gehiagorengana iristea
Irailaren 14an aterako da jaietako lehen danborrada, 12:00etan. Plaza Haundin elkartuko dira, eta 14:30ak arte danbor hotsekin girotuko dute auzoa. Jai batzordeko Miren Tardaguillak azaldu du Donostiako jai askotan egiten direla danborradak, eta Porrontxoetan ere egitea ideia ona iruditu zaiela. Helburua da festa giroa ahalik eta gehien zabaltzea, eta jende gehiagorengana iristea. Batez ere, nerabeengana: “Egitarauan haurrentzako eta helduentzako jarduera asko daude, baina nerabeentzako ekitaldiak falta dira, eta uste dugu danborradan parte hartzera animatu daitezkeela”. Jende gehiagorengana, eta toki gehiagotara: “Jaiak babesten dituzten taberna eta denda guztietara iristea zaila da guretzat, eta uste dugu danborradak aukera hori ematen digula, jai giroa kale gehiagotara zabaltzeko”, esan du Tardagillak.
Plaza Haundin jo ondoren, Karmengo Amaren kaletik jaitsiko dira Mandasko Dukearen kalera, eta Atotxako zelaiaren plazan joko dute berriz. Ondoren, Egia kalean gora joango dira, Plaza Haundira itzultzeko. Aurretik, Ametzagañatik, Aldakoneatik eta San Frantzisko plazatik pasako dira.
Danborradak harrera ona izan duela dio jai batzordeak; lehen egunean jada 40 lagunek eman zuten izena. Erraza da izena ematea: mezu bat bidali behar da porrontxojaiak@porrontxojaiak.org helbidera, eta zehaztu behar dira parte hartzaileen izen abizenak, adina eta danborra edo kupela joz parte hartu nahi den eta zuzendari moduan atera nahi den.
Entseguak irailaren 3an, 4an eta 5ean izango dira, Plaza Haundin. Arratsaldez izango dira, 19:00ak inguruan, baina oraindik ez dute ordua zehaztu. Antolatzaileek esan dute ez dela derrigorrezkoa entseguetan parte hartzea, baina joateko gomendatu dute, ohiko piezez gain, beste batzuk ere joko dituztelako.