'Bazen behin, Madrilen, udan...'
‘LA VIRGEN DE AGOSTO’
Zuzendaria: Jonas Trueba
Urtea: 2019
Herrialdea: Espainia
«Bakoitza den bezalakoa da, eta ni ez naiz salbuespena», Madrilgo ereserkiaren aipu honekin eman dio hasiera Jonas Truebak bere azken filmari: norberaren nortasuna eraikitzeko inguruak, bai lagunek eta bai herriak, duen garrantziari buruzko hausnarketa bat. Evak, lanaren protagonistak, abuztua Madrilen pasatzeko erabakia hartuko du, arrazoi argirik gabe, bere bizitzaren norabidea aurkitu nahian. Uda aurrera joan ahala, lagun berriak ezagutuko ditu, eta maitemindu egingo da ere. Jakina da eta, patuari ezin zaiola aurka egin.
Jonas Truebak Madrilgo hirian kokatuko du La virgen de agosto, «Madrilgo uda primerakoa delako amodio istorio baterako». Jai-egun ugari izanik, hiria kolorez, dantzaz eta tradizioz betetzen da, herri handi bat balitz bezala. San Cayetano, San Lorenzo eta La Paloma festak direla, beti dago arrazoiren bat kalera irten eta magia duten festetan murgiltzeko. Gainera, gehiegizko beroak turistak uxatzen ditu, eta hiritarren bizitza erritmoa moteltzen du. Azken horiek tabernen terrazetan biltzen dira hizketaldi luzeak izateko. Eva protagonistak terraza batean egingo du, hain zuzen, udaren inguruko gogoeta: «Uda perfekzionismoa lortzeko garaia da. Bikote berriek beti udan ezagutzen dute elkar».
Itsaso Aranak antzezten du Evaren papera. Ez da harritzekoa zuzendariarekin duen konplizitatea, dagoeneko Truebarekin lan egin baitu lehenago, (La reconquista-ren protagonista izan zen) eta oraingoan, gainera, batera idatzi dute gidoia. Biei jakin-mina sorrarazten dieten gaiak dira filmaren abiapuntua, zinema baita filosofatzeko duten modua. Horrela, 30 urteen bueltako krisialdia jasaten ari den edozein emakumek dituen kezkak mahai-gaineratuko ditu Evak: herrimina, erlijioa eta mistizismoa, gizon motak, hilekoaren tabua eta amatasuna, besteak beste. Gogoeta horiek dira filmaren mamia, guztiok noizbait lagunekin eztabaidatu ditugunak. Dena dela, hain ugariak izanik, ezinezkoa da behar bezala sakontzea, eta, azkenean, sinesgaitza iruditu zait hain xaloa eta naive dirudien pertsonaia horren konplexua izatea aldi berean: ezagutzen duen mutil bakoitzaren portaera aztertzen du eta zinikoegiak izatea aurpegiratzen die.
Filmaren bertutea, zalantzarik gabe, Truebak edertasuna ikustarazteko daukan gaitasuna da. Evaren egunerokoa balitz bezala ―edo Rohmerren Le rayon vert filma balitz bezala―, istorioa egunez egun kontatuko digu: abuztuak 1a, abuztuak 2a, abuztuak 3a… abuztuaren 15a arte. Eta hiriaren iragarki bat balitz bezala, Evak egunero Madrilgo txoko desberdin batera eramango gaitu: Sabatiniko lorategietara, Erregeen jauregira, Kolon plazara, arkeologia museora eta Manzanares ibaira. Gainera, udako giroa (argiak, koloreak, soinuak) erabiliko du Jonasek idealizatzen duen Madril hori erretratatzeko. Adibide gisa, Frantsesen Zubia, non askok bere buruaz beste egin duten, gune erromantiko bilakatuko du.
La virgen de agosto abuztuaren 15ean estreinatu zen, «udako film bat denez, udan estreinatu behar zelako». Jonasen aurreko filmak [Los exiliados romanticos (2015), eta La reconquista (2016)] gustuko badituzue, asko gozatuko duzue amodio eta nortasun krisialdi istorio honekin. Bere zineman ohikoa den bezala, sentibera, burutsua eta kontenplaziozkoa da Truebaren unibertsoko lan berri hau ere.