"Behin maila batera iritsita, orduan da zaila gora egiten edo eusten"
Mende erdia pasa da Ramon Saizarbitoriak bere lehen eleberria argitaratu zuenetik. Egunero hasten delako (Lur, 1969) eleberriak eman zion hasiera bere ibilbideari, euskal nobelagintza modernoaren hastapenei ekarpena egiteaz gainera. Urteurrena aitzakiatzat jarrita garai haiei eta gaur egungoei buruz solastu gara idazlearekin. Hona hemen bihar argitaratuko den elkarrizketaren aurrerapena:
Nola bizi zenuten garai hura?
Gu [Lur-ekoak], alde batetik, oso talde bakandua ginen. Besteak beste, garai hartan euskararen eremuan jende nahiko tradizionalista zegoelako. Apaizen mundua zen. Apaiz asko gero gorri egin zirenak, atera zirenak eta abar. Baina nik progre asko komentuan ezagutu ditut, sotanarekin, eta komentuak beti dira komentu. Gero, baita ere, [Gabriel] Arestirengana joan ginen, Aresti gugana etorri zen neurrian. Uste dut Aresti gugana etorri zela gehiago. Bera ere Bilbon nahiko bakarrik zegoen, eta ikusi zuen hemen gazte batzuk mugitzen zirela. Arestik nolabait ere lagundu egin zigun marjinatzen, bera askorentzat etsaia zen. Berak bai zituela etiketa klaruak, guk baino argiagoak: ez-abertzale, komunista… Askorentzat deabrua zen. Gurekin zegoen neurrian gu ere kutsatuta geunden. Aurrean eduki genituen Eladioak, aurrez aurre. Eta esan behar dut fanatiko intolerante batzuk zirela. Hortaz ez da asko idatzi, portzierto. Paper klandestinoetan-eta atera gintuzten, gu bezalako ume batzuk, gaztetxo batzuk. Utzi gazteei errebelde eta mugituak izaten, ez?
Beti esaten dut, mira dut garai hura, alde batetik, euskararen eremua amateurismoarena, boluntarismoarena zelako, eta oso festa girokoa. Nahiz eta diktadura eta zera guztiak, nahiz eta oso grisa eta tristea izan giroa. Niretzat, edozer gauza egin zitekeen, mundu guztiak idazten zuen, mundu guztia zen poeta, kaos bat zen hura. Gero, gauza pixka bat normalizatu egin da, normaren zentzuan. Azken urteetan profesionalizatu ere. Horrek dakartzan gauza on eta txar guztiekin. Euskarak eta euskal literaturak 50 urte hauetan egin duen bidea beste hizkuntza garaikide batzuek 200 urtetan egin duten bidea da. Hemendik aurrera zer gertatuko den ez dakit, ez naiz gai esateko. Uste dut orain arte bidea erraza izan dela. Behin maila batera iritsita, orduan da zaila gora egiten edo eusten. Ez dakit asmatuko dugun.