Iñaki Kijeraren erailketaren 40. urteurrenaren harira bi omenaldi egingo dituzte asteburuan
Igandean, irailaren 1ean, 40 urte beteko dira Espainiako Polizia Nazionalak Iñaki Kijera donostiarra hil zuela, eta bi omenaldi egingo dizkiote asteburuan, Antiguako bizilagunek antolatuta. Larunbatean, abuztuaren 31n, izango da lehen omenaldia, eta lore eskaintza egingo dute 11:00etan, Kijerak Miramarren duen monolitoan.
Bigarren omenaldia, aldiz, hurrengo egunean, irailaren 1ean, izango da 13:00etan, hil zuten lekuan bertan, Ijentea eta Kanpandegi kaleen arteko izkinan, hain justu. Omenaldietan parte hartzeko deialdia zabaldu du gaztetxeak, Inor ez da hiltzen, ahazten ez badugu! lelopean.
Iñaki Kijera 1979ko irailaren 1ean hil zuen tiroz Espainiako Polizia Nazionalak, 18 urte zituela. Errefuxiatu eta preso politikoen aldeko manifestazio batean parte hartzen ari zen Kijera, eta poliziak manifestazioa desegin zuenean hil zuten tiroz, aipatu izkinan.