Larrialdietako koordinazio zentroak bateratzearen aurkako protesta egin dute Miramar Jauregian
Miramar Jauregian eman dio hasiera ikasturte politikoari Eusko Jaurlaritzaren Gobernu Kontseiluak, eta plataforma desberdinek protesta egiteko baliatu dute aukera. Emergentziak Bizirik -ena izan da protestetako bat. Arabako, Gipuzkoako eta Bizkaiako larrialdietako koordinazio zentroak batzeko Jaurlaritzak hartutako erabakiaren aurka egin dute elkarretaratzea. Izan ere, iazko urte amaieran eman zen jakitera EAEko hiru probintzietako koordinazio zentroak bakarrean batzeko plana zuela Osasun Sailak. Arabako eta Gipuzkoako koordinazio zentroak itxi eta Bizkaiakoan integratzea da asmoa, Txurdinagan (Bilbo).
Erabaki horren egokitasuna zalantzan jartzen zuten ahotsak berehala entzun ziren eta Emergentziak Bizirik plataforma bateratzearen aurka mobilizatu zen. Hasierako plana behin-behinean gerarazi zuen Osasun Sailak, egoera aztertzeko. Irailean argitaratuko dute Eusko Legebiltzarrak Haurlaritzari eta Osakidetzari zentroen bateratzeari buruz eskatutako txostena.
Emergentziak Bizirik-ek salatu duenez, Jaurlaritzak “ezkutuan” eta larrialdietako koordinazio zentroetako langileekin kontsultatu gabe hartu zuen zentroak Bizkaian bateratzeko erabakia. Hiru lurraldeetan banatutako zerbitzua bakarrera murrizteak larrialdietako langileen jarduna oztopatu eta larrialdi egoeran daudenak kaltetzeko arriskua duela ere nabarmendu dute, koordinazio zentroan deiak jasotzen dituztenek ingurua ez ezagutzeak larrialdietako zerbitzuak bertaratzea mantsotzen baitu. Txostena argitaratu zain, Txurdinagako zentroan dagoeneko lanetan ari direla adierazi dute Emergentziak Bizirik-ekoek.