Metroaren proiektuaren aurkako protesta egin dute Eusko Jaurlaritzaren Gobernu Kontseiluaren aurrean
50 bat pertsona elkartu dira gaur goizean Miramarren, Eusko Jaurlaritzaren Gobernu Kontseiluaren aurrean Donostiako Metro proiektuaren aurkako protesta egiteko. Kontxako erlojuetatik abiatu dira, Arantxa, tapia el metro eta kitto! lelopean, eta hainbat oihu entzun ahal izan dira bidean, hala nola, Donostiak ez du metrorik behar! eta Aldatu sistema, ez klima.
Metroaren proiektua “inposatua eta ez beharrezkoa” dela aldarrikatu dute protestan, “herritarren parte-hartzerik gabe” egin dela salatuz. Horrekin batera, Eusko Jaurlaritzak onartu berri duen Larrialdi Klimatikoari buruzko Adierazpena “bere buruarekiko lausenguz beterikoa eta sobera propagandazkoa eta hipokresiazkoa” dela salatu dute, adierazpen horretan klima aldaketarekiko kezka agertzen badute ere, Metro proiektuarekin, erraustegiarekin eta AHT proiektuarekin aurrera jarraitzen dutelako.
Donostiak “garraio publikoko sare ona” duela azaldu du Satorralaiak, eta Metro proiektuak justifikaziorik ez duela nabarmendu dute. Satorralaiaren ustez, herritarren beharrei erantzuteko egin behar dena “Topoa eta Dbusen autobus linea nagusiak elkarren artean koordinatzea eta Lurraldebus eta Renferen aldiriak ongi integratzea” da. Horretaz gain, hiri eredua auzitan jarri dute, “Erdialde-Kontxako zonalde komertzial eta turistikoaren inguruan zentralizatutako eta metron gisako trenbide diseinu berri bat ezartzen duelako”.