"Amari esaten nion handitan gizona eta potoloa izan nahi nuela, horrek grazia gehiago egiten zuelakoan"
Zaldibiarra izatez, 11 urte daramatza Aitziber Garmendiak Donostian bizitzen eta lan egiten. ‘Txanogorritxotik otso emera’ antzezlana estreinatu berri du Viktoria Eugenia Klubean.
Zergatik aukeratu duzu taberna hau?
Askotan etortzen naizen taberna bat da, nire lantokiaren ondoan dagoelako. Viktoria Eugenian edo Antzoki Zaharrean antzezten edo entseatzen dudanean edozein prentsaurrekoren aurretik edo antzeztu aurretik etortzen garen lekua da. Duela urtebete, esaterako, Erlauntza egin genuen Viktoria Eugenian, eta entsegutik ateratzerakoan beti etortzen ginen Victoria Cafera ardo bat, bi, hiru edo lau hartzera.
Donostiakoa zara izatez?
Zaldibiarra naiz, baina Donostian bizi naiz duela 11 urte, Erdialdean. Lanagatik etorri nintzen, niretzat erosoagoa zelako hemen bizitzea, baina askotan sentitzen dut herrimina.
Nondik ibiltzen zara Donostian?
Tabernatan ibiltzeko Parte Zahar inguruan normalean, Erdialdea erosketak egiteko delako. Hala ere, abuztuan ez naiz gerturatu ere egin, Donostia jasanezina delako, eta ez dudalako batere gogoko hiria horrela ikustea. Parte Zaharra urtean zehar gustatzen zait, jende gutxiagorekin.
Nola ikusten duzu hiria?
Ni ez naiz politikaria, eta pentsatzen dut zaila izango dela zentzu horretan politika egitea eta hiri batentzako oreka lortzea. Hiritar moduan hitz egiten dut, eta ez zait gustatzen hiria hain masifikatuta ikustea. Betiko lekuak ixten ikustea, inongo nortasunik gabeko leku berriak irekitzen ikustea… Ni hemen bizi naiz, eta badakit nire bizitzan ezingo dudala hemen pisurik erosi, ezinezkoa delako. Uste dut pribilegiatu bat naizela lan asko daukadalako, eta ez dut esango pobrezian bizi naizenik, ezta gutxiago ere. Baina badakit ez dudala sekula hemen pisurik erosiko, ezinezkoa delako eta dena turistei begira dagoelako.
Nola joan da Txanogorritxotik otso emera antzezlanaren prestaketa?
Joan den asteburuan egin genuen aurrestreinaldia Urnietako Sarobe zentroan, han entseatzen baitugu beti, eta antzezlana publikoarekin probatzeko modu on bat baita. Hala ere, ez dut prestaketa asko gozatu, bost egunetan altxa behar izan dugulako nire erantzukizunagatik. Hilaren 14an estreinatu nuen Losers Antzoki Zaharrean Jon Plazaolarekin, eta ordura arte horrekin ibili nintzen buru-belarri. 18an bukatu genuen, eta 19an hasi nintzen hau entseatzen, 24an aurrestreinaldia egiteko. Horrek esan nahi du prozesua normalean baino hamar aldiz azkarrago egin behar duzula.
Honetan sartu nintzen Fernando Bernues zegoelako zuzendaritzan, bestela ez nintzen sartuko. Konfiantza itsu-itsua nuen berarekin lortu ahalko nuela, baina hala ere behatzak harrapatu ditut, ez dut berriz horrelakorik egingo.
Konfiantza handia duzu Bernuesekin?
Nire lehen zuzendaria izan zen, Terralurtarrak antzezlanarekin. Horretaz gain, oso zuzendari ona iruditzen zait, Mireia Gabilondorekin batera gaur egun hemen dagoen zuzendari indartsuenetako bat. Gainera, zuzendari ona izateaz gain, laguna ere bada, eta lasai sentituko nintzela uste nuen. Zentzu horretan lasai sentitu naiz, baina datu objektiboak dira: ordu eta hogeiko bakarrizketa bat nik bakarrik bost egunetan estreinatzea eromena da.
Zer harrera espero duzue?
Harrera ona espero dugu. Urnietako aurrestreinaldiak horretarako balio izan zuen, eta jendeak ondo erreakzionatu zuen: barre egin zuen espero genuen momentuetan eta espero ez genuen momentu batzuetan. Afaldu ondoren ikusteko emanaldi bat da, jendeak ardotxo bat hartu duenean… Egunari bukaera emateko eta burua aske uzteko. Topikoekin lan egiten dugu, baina umoretik begiratuta. Gozatzeko lan bat da, beste pretentsiorik gabe.
Losers aipatu duzu. Egun guztietan sarrera guztiak saldu dituzue.
Bai, eta ez genuen espero. Abuztuan Donostian antzerkia euskaraz egitean kamikaze sentsazio bat duzu, denak kanpotarrak direnez eta eskaintza nagusia erdaraz denez… Zorionez gero eta gehiago eskaintzen da euskaraz, eta antzerkia euskaraz egitea jada ez da militantzia soilik, orain errentagarria da.
Lehen ez zen hain errentagarria?
Ez, eta aldaketa hau zortzi urte edo gutxiagoan egin da. Iruditzen zait hori bai dela bultzatu beharreko zerbait, eta Donostiarekiko kritikak ditudan moduan, hau onartzen diot.
Telebistan ere bazabiltza.
Bai, aste honetan bertan hasiko gara Gure Kasa saioaren denboraldi berriaren entsegu eta grabaketekin, eta aurreko urtean bezala jarraitzeko asmoz gaude. Aldaketa askorekin gatoz, hirugarren denboraldia beste erronka bat delako. Nik pertsonaia berriak izango ditut, esaterako, eta ea aldaketekin asmatzen dugun.
Zeintzuk dira zure erreferenteak umorean?
Txiki-txikitan nire erreferentea Txiribiton zen, eta nire amari esaten nion handitan gizona eta potoloa izan nahi nuela, horrek grazia gehiago egiten zuelakoan. Beraz, pentsa nondik zetorren jada patriarkatuaren aztarna [barreak]. Nire amak esaten zuen, “umeak hori nahi badu, hori eman beharko diogu…”. Baina, gerora, Lina Morgan ere gustatzen zitzaidala esaten hasi nintzen, beraz amak esaten zuen, “errazago jartzen ari zaigu, sexu aldaketa ez dugu egin behar behintzat”.
Geroago, nire aurkikuntza handiak hemengo aktoreak izan ziren: Elena Irureta, Jose Ramon Soroiz, Ane Gabarain… Niretzako sekulako aurkikuntza izan ziren, nire hizkuntzan egiten zutelako. Lehen aldiz beraiekin lan egin nuenean… Ezin dut azaldu niretzako zer izan zen hori. Askotan urrutiko erreferenteak hartzen ditugu, baina bertakoak hartzeak hori dauka, batzuetan bizitzak beraiekin lan egiteko aukera oparitzen dizula.
Gero eta emakume gehiago ari dira umorea egiten.
Umorea gizartearen ikuspegiarekin oso lotuta dagoen zerbait da, eta gizartean gu orain arte beti zuzen, formal eta polit egon gara. Orain hasi gara horri buelta ematen, ahotsak altxatzen eta gure lekua egiten. Nik beti aldarrikatu dut emakumearen lekua umorean, eta jarrera ez zuzen, ez formal eta ez polit bat umorea egiteko garaian.
Zer umore mota kontsumitzen duzu?
Umore beltza ikaragarri gustatzen zait, baita umore absurdoa ere. Pixka bat muga-mugan dagoen umore horretan dantzan gustura sentitzen naiz. Hala ere, jakin behar da mugak non dauden. Normalean, umorea egiten dudanean, nire buruaz barre egitea da lehenbizi egiten dudana. Telmo Irureta, esaterako, ez da telebistan oso ezaguna den artista bat, baina bere umorea ikaragarria da. Bere buruaz barre egiten du bere emanaldietan –bi urterekin istripu bat izan zuen eta gurpildun aulkian gelditu zen–, eta berarekin egin dut inorekin baino barre gehiago.
Gomendatuko zenuke Donostiako aktoreren bat?
Asko gustatzen zaizkit, baina emakume gisa Nerea Arriola nabarmenduko nuke. Iruditzen zait umorean emakume moduan leku handia duela, eta oso lan ona egiten ari dela. Donostian bat aukeratu beharko banu, Nerea aukeratuko nuke.
Zer duzu orain esku artean?
Orain Losers-en gaztelaniazko bertsioa estreinatuko dugu, eta bira egingo dugu bai Euskal Herrian eta bai Espainian. Horretaz gain, telebistarekin jarraituko dut, eta beste testu bat idazteko asmoa daukat, baina ea noiz egiten dudan horretarako tarte bat… Bestalde, bost antzezlan ditut orain: Losers, Txanogorritxotik otso emera, Moko zorrotza, Rita eta Erlauntza. Horiekin 2021era arte lana izango dut, lehenengo asteburu librea urtarrilean daukat.
HAMABIETAN BERMUTA: Ardo beltza eta urdaiazpiko pintxoa.
Non. Victoria Cafe taberna. Argentinako Errepublika pasealekua, z/g (Erdialdea).
Prezioa. 4,70 euro.