Araudi egokirik dago Artikutza kontserbatzeko?
Abuztuaren 28a, San Agustin. Egun horretan Artikutzako altxor naturala kontserbatzeko ezarrita dauden arau zorrotzei salbuespen txikia egiten zaie ate irekien festan. Arauak, kudeaketa eta zaintza egokia den aztertzen dugu, gure kezkak azalduz.
Artikutza 1919 urtean, orain dela 100 urte, Donostiako Udalak erosi zuen hiria edateko urez hornitzeko. Orduan ura inolako tratamenturik gabe konsumitzen zela kontuan hartuta, presa eraiki zen eta lursail osoa egoera natural onean izateko, eremua erabiltzeko araudi zorrotza ezarri zen hango ur kalitate ona zaintze aldera. Horrela, besteak beste, artzaintza debekatu zen eta bisitarien sarrera arautu eta mugatu zen. Gerora, denborarekin arau horiek neurri batean lasaitu egin ziren. Aurreko maiatzean arau berri batzuk ezarri ziren eta horiei buruz hausnarketa egin nahiko genuke.
Autoen zirkulazioa
Lehen bezala, autoz sartzeko udaletxean baimena eskatu behar da. Gehienez 25 auto sartu ahal dira. Asko ez dirudien arren, asteburu batean kopurua aise bete daiteke, eta horiei aterpetxean daudenak gehituz gero, eta bertako biztanleen familiakoak eta zerbitzuko autoak batuz, 40-45 auto pila litezke lursailaren barruan. Eskaseko aparkalekuan eta Bianditzeko errepidean aparkatzen dutenak ere kontuan harturik, kopurua gehiegizkoa iruditzen zaigu eremu natural babestu txiki batentzat.
Txirrinden eta zaldien ibilbideak
Aurreko artikulu batean bizikleten ibilbide guztiak ireki zituztela aipatu genuen. Horrek arazoak ekarriko zituela esan genuen eta horrela gertatu da. Masifikatu egin dira txirrinden joan-etorriak eta pistaz eta xendaz gain, mendian libre ibiltzen hasi dira, bide berriak irekiz, higadura arazoak sortzen hasiz eta mendizaleekin eztabaidak ekarriz. Zorionez araudi berrian atzera egin dute, eta orain txirrindak zein zaldiak soilik baimendutako pista eta bideetatik ibili daitezke. Txalotzen dugu udalaren neurria mendiko txirrindularien kopurua asko igo delako, arazo berriak agertuz; batez ere, aisialdiko enpresekin, downhill riders-ekin eta gero eta handiagoa den txirrinda elektriko kopuruarekin.
Ehiza eta arrantza
Debekatuta zeuden eta daude, baina horiek kontrolatzeko baliabideak eskasak badira nola egin daiteke? Asteburu batean esaterako, basozain bat baino ez dago goizean, eta beste bat arratsaldean. Nork argi dezake nola kontrola daitekeen horrela arrantza eta ehiza 3.700 hektarea dituen eremu batean? Eta are gutxiago gainera Eskaseko atea ere kontrolatu behar badute, horrek lehentasuna baitauka bisita gehienak asteburuetan suertatzen direlako.
Perretxiko eta onddo bilketa
Ehiza eta arrantzarekin esan dugun berbera errepika genezake hemen. Ale kopurua ezarrita dago baina ez dago nor hura kontrolatzeko.
Artzaintza
Teorian debekatuta jarraitzen du. Eta teorian diogu zeren eta azken urte hauetan ez baita artzaintzaren kontrolik izan. Lursail osoan azienda ibili badabil baso barruan zein goiko larretan. Oraingo araudian salbuespen batzuk daude, aurretik ohitura zena arautu baitu udalak; hau da, Artikutzarekin muga egiten duten udalerrietako biztanleen aziendak goiko larre aprobetxamendua baimentzen da. Horrek ere bere salbuespena badu: animaliak ezin dira basoan sartu. Inguruko udalek konpromisoa hartu zuten azienda basoan sartuz gero, hura handik ateratzeko. Erakundeek aldiz, ez dute esaten zeinek edo nola egingo duten. Zein herritan daude udal-basozainak? Agian artzainek beraiek egitea zen asmoa, baina artzain gehienak ez dira profesionalak eta bakarrik fabrikatik edo bere negoziotik ateratzean, noizbehinka, hurbiltzen dira ikusteko non dabiltzan beren animaliak.
Araudian ez da aipatu ere egiten baso eremutik ateratze hori, ez bada egiten Donostiako Udalak zer neurri hartuko dituen edo salaketak ezarriko diren. Paperean jarritakoa ezertan ez dela geratuko dirudi, beste behin ere ganaduzaleen mesedetan. Bestalde animalien araudian aipatzen da azienda urte osoan egon daitekeela mendian, profesionalak ez diren ganaduzaleen alde jotzen duelarik, alegia, ukuilu edo larre propio ez dituztenen alde. Atsedenik ez bada eta kontrolik ez bada, mendiko larreen kontserbazioa bera eta basoaren birsorkuntza ariskuan jartzen dira. Eta ez dugu aipatu, baina inongo osasun kontrolik gabe dabilen azienda ugari ere bada, beraz, infekzioak hedatu litezke, basafaunaren eta gainontzeko azienda legalaren kaltetan, gureganaino iristeko arriskua egonik.
Araudi berriaren errepasoari aurreko artikulu batean aipatu genuena ere gehitu liteke: Zer baso kudeaketa egin nahi du udalak Artikutzan? Zer kudeaketa egin nahi du landare inbaditzaile eta aloktonoekin (kanpokoak)? Zer kudeaketa mota egingo du babestutako fauna eta flora espezieekin edota habitatekin?
Artikutzako kontserbazioaren inguruan gure kezkak azaldu ditugu, araudiarekin kritiko agertuz, baina gai horiei eta sor litezkenei ere heltzeko Haritzalde Naturzaleen Elkartea udalarekin biltzeko prest dagoela agerian utzi nahi du. 100 urte bete ditu, baina hurrengo mendeetan ere altxor naturala izaten jarraitzea denon esku dago. Goza dezagun hura zainduz eta benetan babestuz.