Aste Nagusiko ekitaldietan gaztelania izan da nagusi, Bageraren arabera
Azken hogeita bost urteetan egindako lanari jarraipena emanez, Donostiako Aste Nagusiko ekitaldietako hizkuntza-erabileraren neurketa egin du Bagera Euskaltzaleen Elkarteak. Horretarako, herritarren laguntza eskatu zuten, eta hizkuntzak leku nabarmena duten jarduerak behatu dituzte. Orotara, 109 ekintzetako hizkuntzaren erabilera aztertu dute, eta euskaraz (erabat euskaraz edo batez ere euskaraz), gaztelaniaz (erabat gaztelaniaz edo batez ere gaztelaniaz), ele bitan (euskaraz eta gaztelaniaz neurri berean) edo beste hizkuntza batean egin diren jaso dute.
Hainbat ondorio atera dituzte egindako neurketatik. Bildutako datuen arabera, aztertutako jardueretan gaztelania izan da nagusi %46,79an; euskara %37,61ean; bi hizkuntzak maila berean egon dira ekintzen %8,26an; eta beste hizkuntza bat erabili da %7,34an. Azpimarratu dutenez, haurrei zuzendutako ekintzak kontuan hartu gabe asko aldatzen da emaitza: ekintzen %53,26 izan da gaztelaniaz, %28,26 euskaraz, %9,78 ele bitan eta %8,7 beste hizkuntza batean.
Donostia Kulturak antolatutako jardueren artean hainbat modalitatetako jarduerak %100ean gaztelaniaz izan direla erakusten du azterlanak: Tabakaleran antolatutako proiekzioak eta zezenketak. Musika-emanaldietan, behatutako 41 emanaldietatik 24 izan dira gaztelaniaz (%58,54), 8 beste hizkuntza batean (%19,51), 6 euskaraz (%14,63) eta 3 ele bitan (7,32). Kiroletan, antzerkian eta folklorearen bueltako ekitaldietan euskarak izan du presentzia handiagoa. Nabarmena da aldea folklorearen kasuan, ekitaldien %80 izan da euskaraz eta %20 gaztelaniaz.
Ondorio gisa, euskara gune ezberdinetara hedatu izana “positibotzat” jotzen du elkarteak, baina gune askotan euskarak “oso presentzia txikia” izaten jarraitzen duela nabarmendu dute, batez ere musika emanaldietan. Hainbat hutsune azpimarratu dituzte: Ondarretan Super Amararen laguntzarekin antolatutako film proiekzioetan 5etik 4 gaztelaniaz izan dira; lehiaketei dagokienez, Tele Donostik antolatutako tortilla patata lehiaketa gaztelania hutsez izan da; Gazteen artean euskara modu ludikoan sustatzen zuen “Festan blai!” ekimena aurten ez da egin eta udala horrelako gehiago egitera animatu du elkarteak.
Alderdi positibo moduan, “Gazte Nagusi Holi Fest” jardueran animatzaileak nagusiki euskaraz aritu izana azpimarratu du elkarteak.
Udaletik kanpoko zenbait eragilek antolatutako jardueretan gaztelaniarako joera nagusi izatea kezkagarritzat jo du Bagerak, eta udalari eskatu dio Aste Nagusian parte hartzen duten eragileekin elkartu eta hizkuntza irizpideak zehaztea: “Jaietan ere, Donostiako Udalak, eragileekin elkarlanean, hizkuntza ohituretan eta erabileran eragiteko testuingurua sortzen jarraitzeak berebiziko garrantzia du, Donostian euskararen erabilera areagotu dadin”.
Informazio xehatua nahi duenak Bagera elkartearen webgunean irakur dezake txostena osorik.