Kontxako Banderaren kultur ondarearen balioa nabarmenduko du #KONTXA1919 egitasmoak
2017. urtean hasitako egitasmoari jarraipena emanez, Euskal Itsas Museoak eta Aquariumek martxan jarri dute hirugarrenez #KONTXA100 egitasmoa. #KONTXA1919 da aurtengo leloa, eta 1919ko Kontxako Banderaren estropadan gertatutakoa ikertzea eta zabaltzea du helburu. Itsas museoan egin dute aurtengo egitarauaren aurkezpena, eta han izan dira Eneko Goia alkatea, Denis Itxaso Kultura Diputatua, Xabier Alberdi Euskal Itsas Museoaren Zuzendaria, eta Alejandro Larrode Aquariumeko museo arloko koordinatzailea.
Aurkezpenean parte hartu duten guztiek nabarmendu dute Kontxako Bandera “kirol ekitaldi bat baino askoz gehiago dela”. Horregatik, helburu gisa dute Kontxako estropaden ondare kultural eta historikoa agerian uztea, baita ondare balioak eta balio etnografikoak nabarmentzea ere. “Estropada asko daude, baina Kontxako Bandera beste gauza bat da”, esan du Itxasok. Diputatuaren ustez, erritualez beteriko gertaera da: “Damen Bateriara igotzea eta hamaiketakoa egitea, jendeak abesten dituen abesti herrikoiak entzutea…”. Kontxako traineru estropadak XIX. mendeak arrantzontzien arteko txapelketetan oinarritzen dira, eta formalki 1879tik aurrera ospatzen dira. Eneko Goiaren ustez, hiriaren izaeraren parte da Kontxako Bandera. Alkateak eskerrak eman dizkie egitasmoa aurrera eramateko lanean aritu diren guztiei.
Alberdi eta Larrodek #KONTXA1919 osatzen duten jardueren programazioa aurkeztu dute. Besteak beste, Ciaboga aldizkaria argitaratuko dute aurten ere, eta Alberdik gogora ekarri du 1924. urtean argitaratu zela lehen aldiz. “Eten egin zen bere produkzioa, eta saiakerak egin arren, ez zen aurrera ateratzen”, azaldu du zuzendariak. Duela hiru urte berreskuratu zuten argitalpena Euskal Itsas Museoak eta Aquariumek. Alberdiren ustez, historia gogora ekartzeko funtzioa du Ciabogak: “Euskal itsas ondarearen baitako ekitaldirik garrantzitsuenetako den Kontxako Estropadetan orain dela ehun urte jazotako gertakariak berreskuratu eta ezagutzera eman nahi ditugu”.
Programazioa
Alde batetik, 1919ko estropadei buruzko materialen erakusketak prestatu dituzte bi museoetan, irailaren 10era arte ikusgai egongo direnak. Euskal Itsas Museoko kanpoko fatxadan jarriko den panel baten bidez, jakitera eman nahi dute zer gertatu zen 1919ko estropadetan, garaiko prentsan agertutako albisteen bidez. Era berean, museoaren barrualdean egongo dira 1919ko irailaren 14an Kontxako uretan Oriok irabazitako bandera. Orio Arraunketa Elkarteak utzitako bandera, duela 30 bat urte zaharberritua izan zen, baina jatorrizko erdiko zatia mantentzen du, Donostiako hiriko armarria eta Premio de Honor 1919 legendarekin. Baita Pedro Antequera Azpirik margoturiko akuarela. Gainera, Euskal Itsas Museoko fatxadan Kontxako bandera lehiatzeko klasifikatutako ontzien banderak jarriko dituzte zintzilik.
Aquariumeko sarreran, aldiz, Donostiako traineruak Abran 1919an irabazitako estropadaren omenez elkarte donostiarrek eginiko bandera ikusi ahal izango da. Estropada hau ospetsua izan zen Kirikok egin zuen ziabogarengatik, buiarengandik oso estua. Bandera Aquariumen bildumakoa da.
Arraun astea
Arraun astea antolatu dute aurten ere, eta hiru jarduera antolatu dituzte:
- Irailaren 3an 19:00etan: Xabier Alberdiren hitzaldia: Traineruaren jatorri historikoa. Euskal Itsas Museoan.
- Irailaren 4an 19:30ean: Hondarribia arraunean 1845etik liburuaren eta dokumentalaren aurkezpena. Aquariumeko auditorioan.
- Irailaren 5ean 19:30ean: Ciaboga dokumentalaren emanaldia. Han izango dira Angel Obregon historialaria, eta Iñaki Pinedo zuzendaria. Aquariumeko auditorioan.