La Perlan patinatzen
Bainuetxe gisa da ezaguna gaur egun Kontxako La Perla eraikina, baina hainbat erabilera izan ditu bere 107 urteetan. Izan ere, bainuetxe izateaz gain, festak egiteko ere erabili izan da, sarrerako aretoan patinaje pista bat zuelarik.
Espainiako errege familia XIX. mendearen bigarren erdialdean Donostiako Kontxako hondartzan udak pasatzen ibili ondoren, ospe handia hartu zuen hiriak. Garai berrietara egokitzeko,ordea, orduko egurrezko errege etxola aldatzeko erabakia hartu zuen udalak XX. mendearen hasieran. La Perla del Oceano izena hartuko zuen Europako bainuetxe aurreratuena eraikitzea zen udalaren asmoa, eta 1910ean Kontxa pasealekua zabaldu ondoren ekin zion eraikitzeari. Izan ere, urte berean diseinatu zuen Ramon de Cortazar arkitektoak La Perla eraikina.
Bi urte beranduago ireki zituen ateak bainuetxe berriak, eta jatetxe bat, kafetegi bat, dantza aretoak, balkoiak eta argazkian ikusten den patinaje pista zituen. Festak egiteko erabiltzen zen, eta patinajeak arrakasta handia zuen garai hartan bainuetxeko erabiltzaileen artean.
Hamarkada eskas bat iraun zuen eraikinaren arrakastak, hainbat krisialdik eta 1924an jokoa debekatu izanak bainuetxearen gainbehera ekarri baitzuten, eraikina erortzeko arriskuan egotera helduz.
1960ko hamarkadan, ordea, Aurelio eta Andres Sabadell Martinez anaiek eraikina alokairuan hartu zioten udalari, urtean 106.000 pezeta ordainduz. Festa areto gisa erabiltzeko alokatu zuten, eta hala egin zuten 1979an egungo Bataplan diskoteka ireki zuten arte.
1990eko hamarkadan jasan zituen azken aldaketak eraikinak, 1991. urtean itxi ondoren, 1993an eraikina osorik bota baitzuen udalak. Urte berean ekin zioten berreraikitzeari, hasierako diseinua errespetatuz. Horren emaitza izan zen egungo eraikina; bainuetxea, jatetxea eta diskoteka uztartzen dituena.