Langile borrokaren haria ez da eten Tabakaleran
Zazpi hilabeteko borrokak bere fruituak eman ditu. Grebaren 229. egunean akordioa sinatu dute Ubikeko bitartekariek, Tabakaleran zerbitzua emateko azpikontratatuak dituen enpresarekin. Gogotsu ekin diote berriro lanari.
Greben funtzio soziala berretsi dute Tabakalerako Ubik liburutegiko bitartekariek. Historiak kontatu digu greba ugari izan zirela Tabacalera zigarro fabrika zaharrean, eta langileen oinordekotzari jarraituz, 229 egun eman dituzte borrokan Ubikeko langileek. Bidea «luzea eta korapilatsua» izan arren, pozik daude lortutakoarekin. Kultur zentroko liburutegiko zerbitzua emateko azpikontratatua dagoen enpresarekin, Sedenarekin, akordioa sinatu zuten abuztu hasieran. Negoziazioa amaitu, eta hurrengo egunean itzuli ziren lanera langileak. «Ilusio bereziarekin eutsi diogu gure lanari. Gustuko duzun lan batetara itzultzea beti da atsegina, eta oso gogotsu gaude», azaldu du Mikel Elorza Ubikeko langileak. Erabiltzaileek egindako harrera «izugarria» izan dela baieztatu du Leire Ubeun bitartekariak. Haienganako elkartasunak ez du mugarik, Ubeunek azaldu bezala: «Duela egun batzuk Kataluniako familia bat etorri zen liburutegira, eta zoriontzera etorri zitzaizkigun».
Zazpi hilabeteren ostean lantokia aldatuta aurkitu dutela aitortu dute, liburutegiko teknikariek eta katalogatzaileek egindako lanaren ondorioz. «Txoko berriak daude, esaterako antzerki txoko bat. Liburu kopurua ere izugarri handitu da», kontatu du bitartekariak. Era berean, «errutinara itzultzea» asko eskertu dute, grebak iraun duen hilabeteetan erabateko arduraldia izan dutelako horretan.
Iazko abenduaren 22an hasi zuten greba mugagabea, eta prozesua «gorabeheratsutzat» jo du Elorzak. «Gutxika eta modu positiboan» jardun dira borrokan, lan baldintza hobeak lortzeko helburuarekin. Konponbiderako lehen gakoa, aplikatzen zitzaien lan ituna izan zen. «Gure baldintzak estatuko hitzarmenak zehazten zituen, eta guk Gipuzkoako Esku Hartze Sozialeko Hitzarmenagatik aldatzeko proposamena egin genien Sedena enpresari eta Tabakalerako Administrazio Kontseiluari», esan du Ubikekoak. Ikusita horretarako zeuden zailtasunak, beste bide bat jorratzea erabaki zuten: hitzarmenaren baldintzak oinarritzat hartuz, proposamen propioarekin aurkeztu ziren negoziaketetan.
Grebaren beste gakoetako bat aliantza egokiak eraikitzea izan da Elorzaren ustez: «Gauza asko ikasi ditugu greba honekin, eta argi daukagu irabazteko ezinbestekoak izan direla eraiki ditugun zubiak». Inguruan izan duten jendearengandik ikasitakoa nabarmendu dute: erabiltzaileak, artistak, kultur eragileak, herri mugimenduko taldeak, greban zeuden beste kolektibo batzuk, eta abar. Egia auzoan ere lotura estuak egin dituzte, Egiako Gazte Asanbladarekin, esaterako. «Auzoko, hiriko eta kanpoko eragileekin lotura estua egin dugu, eta gure asmoa da hori indartzen jarraitzea», esan du irmo Ubeunek.
Prozesuan zehar denborak eta epeek ere zerikusia izan dute: «Bagenekien lizitazio berri bat egoteko aukera zegoela, eta guretzat ezinbestekoa zen akordioa lortzea epe hori ireki aurretik». Bitartekariek bazekiten behin lizitazio berria martxan jarrita, zailagoa izango zela baldintzak aldatzea, eta akordio batera iristea».
Hobekuntzak gradualki
Sedenaren eta langileen arteko akordioak eragina izango du Tabakaleraren zerbitzu esleipenean. Kultur zentroak lizitazio berri bat atera zuen abuztuaren 13an Ubikeko zerbitzuak kontratatzeko, eta azaroaren 15ean jarriko du martxan enpresa berriak zerbitzua. Proiektuak aurkezteko epea irailaren 11n amaituko da. Lizitaziora aurkezten diren enpresek deialdiaren baldintzetan aurkituko dute atxikirik ELA sindikatuak eta bitartekariek, Sedena enpresarekin eta Administrazio Kontseiluarekin adostutako akordioa. Gainera, Ubikekoek baieztatu dute ELArekin lanean jarraitzen dutela, «akordioa indarrean sartzen denean hobekuntzak ondo betetzen direla ikuskatzeko».
Ubeunek hobekuntzen aplikazioaren nondik norakoak azaldu ditu: Azarora arte orain arteko lan baldintzak izaten jarraituko dugu, baina lizitazio berria indarrean sartzen denean, modu gradualean joango zaizkigu ezartzen hobekuntzak, 2022ra arteko epean. Tabakalerak ohar bidez jakinarazi zuenez, akordioak jasotzen du, besteak beste, soldatak %32,3 handitzea, egungo lan jardunaldia murriztea, eta lan txandei lotutako hainbat hobekuntza.
Azpikontratazioak ere paper protagonista izan du lan gatazka honetan. Bitartekarien ustez, azpikontratazioaren ereduaren helburu bakarra da erakundeei kostuak merkatzea, eta horrek, eragin zuzena du eskaintzen diren zerbitzuen kalitatean. «Era berean, langileok gure baldintzak hobetzeko ditugun aukeretan, ate gehiago jartzen dizkigu eredu horrek, erakunde horiek blindatzeko», kritikatu du Elorzak. Bitartekarien ustez, azpikontratazioen bidez, kultur esparrua prekarizatzen ari dira. Horregatik, akordioa sinatu izana kultur esparruarentzat garaipentzat jo dute Ubikekoek, baina baita gizartearentzat ere. «Abiapuntu bat izan gaitezke, eta guk lortu ditugun baldintzak atzetik datozenentzat ere izango dira», gaineratu du bitartekariak.
Biek azpimarratu dute Ubikeko langileek kalitatezko zerbitzu publiko bat eskaintzen dutela, eta azpikontratazioa helburu hori lortzeko oztopo nabarmena dela kritikatu dute. «Izugarria da 6 milioi euroko aurrekontua duen erakunde publiko batean zazpi hilabeteko lan gatazka bat gertatzea. Guretzat, lortu duguna garaipen sozial bat da», hausnartu du Ubeunek.
Egindako lanak eta borrokak bere fruituak eman ditu, baina langile borrokaren haria ez da eten Tabakaleran. «Greba amaitu da, baina gure aktibismoa hasi besterik ez da egin. Bitartekariok martxan jarraituko dugu, sareetan eta kaleetan», baieztatu dute biek. Honela azaldu du Elorzak: «Grebak baliagarriak dira, eta guk hori argi geneukan hasieratik. Hemen egongo gara bidean babesa behar duen edonori laguntzeko».