Parte Zaharreko zaborren kudeaketa txarra salatu dute auzoko bizilagunek
Parte Zaharrean Bizi auzo elkarteak salatu duenez, auzoko hondakinen kudeaketa “ingurumen, osasun eta elkarbizitza arazo larri” batean bihurtu da. Donostian jasotzen den beiraren %22 eta organikoaren %24 Parte Zaharrean jasotzen dela nabarmendu dute, 5.800 bizilagun dituen auzo batentzat jasanezina dela salatuz, “premiazko zein epe luzerako neurriak” hartzen ez badira. Bestalde, auzoko zonalde batzuetako zabor pilaketak ere salatu dituzte, hala nola, Mari eta Aldamar kaleetakoak eta Sarriegi plazakoak. Horrekin batera, ostalari batzuek zaborrarentzako edukiontziak goizeko ordu txikitan betetzen jarraitzea salatu dute, nahiz eta ostalari horiek atez ateko bilketa duten, uda garaian indartua.
Salaketa orokorrarekin batera, Atari, Sirimiri, Astelena eta Nautico tabernak eta auzoko beste hainbat negozio kudeatzen dituen taldea kritikatu du auzo elkarteak. Azaldu dutenez, talde horrek sortzen dituen hondakinak euren establezimendu bakoitzeko ateetan jasotzen du garbiketa zerbitzuak, Parte Zaharreko gainontzeko establezimenduen moduan. Baina, Parte Zaharrean Biziren arabera, Atari taldekoek ez dute zaborra euren lokaletan gorde nahi garbitzaileak pasa arte, beraz, Ikatz kaleko lokal batera eramaten dituzte, udalari hori egiteko baimena eskatu gabe. Lokal horrek aireztatze sistemarik eta hustubiderik ez duela gaineratu du auzo elkarteak, eta, beraz, usainak inguruko etxeetara iristen direla eta zabor boltsetako likidoak kalera heltzen direla pertsianaren azpitik. Horretaz gain, zaborra jaso ondoren, kontainerrak kalean bertan garbitzen dituztela salatu dute.
Parte Zaharrean Biziren arabera, joan den uztailaren 26an salaketa bat jarri zuten hori harira, eta udalak hilabete baten ondoren erantzun die. Azaldu dutenez, egoera erregulatzeko agindua eman die udalak ostalariei, lau hilabeteko epean, baina jarduna eten ez dietela salatu du auzo elkarteak. Azkenik, honako hausnarketa egin du Parte Zaharrean Bizi auzo elkarteak: “Udala ostalaritzaren interesen menpe gelditzen denean bizilagunek jasaten ditugu ondorioak. Salaketak ez badoaz inora, zer da egin behar duguna?”.