Moraza kaleko polizia operatiboa salatu eta udalaren jarrera kritikatu dute
Donostiako Harrera Sareak eta Modahara taldeak agerraldia eta elkarretaratzea egin zuten atzo, Donostiako Udaletxearen aurrean. Abuztuaren 19an Moraza kaleko eraikin okupatuan egindako polizia operazioa salatu zuten. 32 pertsona atera zituzten etxebizitzatik, gazte bat atxilotu, eta zazpi pertsona Espainiako Poliziaren esku utzi zituzten.
Moraza kaleko hustutzearen ondorioz gazte gehiago etxebizitzarik gabe eta kalean daudela salatu zuten bi eragileek. “Lehenago ere eskatu genuen irtenbide bat emateko, ez bakarrik Morazan bizi zirenei, baizik eta egoera horretan dauden gazte guztiei”, adierazi zuten Fatima Fernandez eta Garazi Montsuchi bozeramaileek. Era berean, arazoari aurre egiteko Donostiako Udalak behar diren baliabideak ez dituela jarri kritikatu zuten: “Har ditzatela egoera konpontzeko beharrezkoak diren neurriak”.
Bestalde, eragileek salatu dute Donostiako Udaltzaingoak Espainiako Atzerritarren Lege “arrazista” bideratu izana. “Euren eskumena ez den eremu batean sartu ziren”. Ohartarazi dute kalean utzi dituztenetik gazte horien jazarpena egiten ari dela polizia.