Hamahiru film lehiatuko dira Zinemaldiko Culinary Zinema sailean
Bederatzi film luze eta lau labur lehiatuko dira Donostiako Zinemaldiko Culinary Zinema saileko bederatzigarren edizioan. Zinema eta gastronomia uztartzen ditu aipatu sailak, eta Basque Culinary Centerrekin batera antolatzen du Zinemaldiak. Argentinako, Koreako, Japoniako, Mediterraneoko, Euskal Herriko eta Vietnamgo zinema izango da aurtengo edizioko oinarria.
Honakoak izango dira parte hartuko duten film luzeak: La leyenda de Don Julio: Corazon & Hueso (Alfred Oliveri), A Taste Of Sky (Michael Lei), Bittor Arginzoniz. Vivir en silencio (Iñaki Arteta), Cocinar belleza (Sergio Piera), Gazta (Mikel Urretabizkaia), Le Chocolat de H (Takashi Watanabe), Sora no restaurant (Yoshihiro Fukagawa), The taste of Pho (Mariko Bobrik) eta The Wandering Chef (Park Hye-Ryoung). Film laburrak, aldiz, hauek izango dira: Zer jan hura izan (Igor Arabaolaza), La receta de la vida (Marta Lopez eta Eduardo Peiro), Huele a ti (Marc Vadillo eta Marwan Sabri) eta Nouvelle cuisine (Jose Manuel Prada).
Hilaren 21etik 27ra bitarte egongo dira ikusgai filmak, eta luzeetako zazpik, hilaren 22tik 27ra, afari tematikoa ere izango dute. Basque Culinary Centerren, Ni Neu jatetxean eta Tabakalerako LAB eremuan izango dira afariak, eta ostiraleko 9:00etatik aurrera erosi ahal izango dira afarietarako sarrerak, Zinemaldiko webgunearen bidez, 70 eurotan. Soilik filmak ikustera joan nahi duenak, ordea, hilaren 15etik aurrera erosi ahal izango ditu sarrerak, 7,90 eurotan.