Nacho Monreal atzelaria aurkeztu du Realak
Realak Nacho Monreal atzelari nafarraren aurkezpena egin du gaur Zubietan. Ingalaterratik datorren jokalariak bi denboraldirako akordioa sinatu du talde donostiarrarekin, eta gaur goizean bere taldekideak eta klubeko instalazioak ezagutu ditu.
33 urteko jokalari nafarrak 2021eko ekainaren 31ra arteko kontratua izango du Realarekin, Arsenalen zazpi denboraldi eman ostean. Ezker hegaleko jokalaria da, eta beteranotasuna eskainiko dio nahiko gaztea den taldeari. “Talde gaztea da, baina ez nator soilik irakastera. Jokalari lehiakorra naiz, oso ongi sentitzen naiz fisikoki eta irabazteko gogoa dut”, adierazi du Zubietako prentsaurrekoan.
Ezkirotzen jaioa, Osasunako harrobian hezi zen futbolari gisa, eta 2006an egin zuen debuta lehen taldearekin. Klubean bost denboraldiz aritu ostean, Malagara joan zen, eta urte horretan Txapeldunen Ligako final-laurdenetara heldu zen talde andaluziarrarekin. Bi denboraldiz egon zen hor, Arsenalek fitxatu zuen arte. Londresen, guztira 251 partida jokatu ditu, hiruna FA Kopa eta Community Shield irabazi ditu eta taldeko kapitaina izatera ere iritsi zen.
? @_nachomonreal: "Lehen eguna desberdina da, baina sentsazio onak ditut. Ilusio handia dut. Etxean sentitu naiz hasieratik".#MonrealTxuriUrdin pic.twitter.com/JM0VgpfDcB
— Real Sociedad Fútbol (@RealSociedadEUS) September 2, 2019