Antiguan elkarretaratzea egingo dute Marixol Iparragirre aske utzi dezaten eskatzeko
Eskoriatzako presoak Reauko espetxean jarraitzen du bere zigorra bete zuenetik astebete igaro den arren. Eskoriatzako Presoen Aldeko Plataformak eta Donostiako Antiguako Kalera Kalerak iragarri dutenez, bihar Espainiaratuko dute.
Frantziako Estatuak ezarritako hogei urteko espetxe zigorra abuztuaren 27an bete zuen Iparragirrek, baina geroztik preso mantendu dute bere aurkako euroaginduak aitzakia gisa hartuta. Hain zuzen, Espainiak bere estradizioa eskatu du, eta presoen aldeko elkarteek iragarri dutenaren arabera, bihar eramango dute Madrilera.
Presoen aldeko elkarteek ohar baten bidez azaldu dutenez, Frantziak onarturiko estradizio eskaerak “polizia-etxe eta Guardia Zibilaren kasernetan torturapean erauzitako aitorpenetan eta polizia zerbitzuek eraikitako frogetan” oinarritzen dira. Gainera, Iparragirreren aurkako auziaren bitartez, Espainiako indar juridiko, polizial eta mediatikoek “Euskal Herrian eraikitzen ari den bake ekimena sabotatzea” bilatzen ari direla salatu dute, euskal presoa ekimen horretako eragile nagusi bat izan dela azpimarratuz.
Hori dela eta, Antiguako Kalera Kalera plataformak kontzentrazioa deitu du auzoan asteazkenerako, Iparragirre aske utzi dezaten eskatzeko. 19:00etan elkartuko dira, Gaskonia plazan, Konponbide garaia da. Marixol Kalera! lelopean.