Donostiako mugimendu feministak "hitzetatik ekintza zehatzetara" pasatzeko konpromiso politikoa eskatu die erakundeei
Udako azken hilabeteetan salatutako eraso kopuru “izugarriak” kezkatuta, agerraldia egin du Donostiako mugimendu feministak gaur goizean. Emakumeen Etxean bildu dira hiriko hainbat eragile feministako kideak, eta adierazi dute “benetan kezkagarria” dela Donostian Aste Nagusiaren testuinguruan izandako erasoek utzitako errealitate “bortitzaren” argazkia. Beste euskal herri eta hiri batzuetako jaietan gertatutako erasoak ere gogora ekarri dituzte.
Honela azaldu du, bildutakoen izenean, Garazi Urrusolok: “Egoera kezkagarria da oso; onartezina. Emakume* izate hutsagatik hainbat gizonek gu eraso eta bortxatu nahi gaituztelako, gure askatasuna eta segurtasuna auzitan jarri nahian”. Espazio publikoan eta pribatuan aske eta seguru bizitzeko eskubidea aldarrikatu dute, eta baieztatu dute ez dutela onartuko “inork, inon eta inola”, euren egunerokoa baldintzatzea. Horretarako, adierazi dute autodefentsa feminista dela bidea.
Haserre agertu dira mugimendu feministako kideak, eta baieztatu dute azken asteetako mobilizazioetan egin bezala, haserrea adierazteko kalera ateratzen jarraituko dutela. Haserrea adierazi dute, gehienbat, erakunde publikoen, hainbat hedabideren, eta poliziaren jarrerarekin: “kezkagarria da zenbat hedabideren tratamendu mediatikoa; lotsagarria erasotuak artatzeko eskaintzen den baliabide eta babes falta; zentzurik gabea erakunde nagusiek mugimendu feministarekin batera arazoari aurre egiteko lanari eutsi nahi ez izana; onartezina zenbait erakundek egoerari ezikusiarena egiteko duten jarrera, eta, aldiz, horri aurre egiten dion mugimenduari neurri polizialekin erantzutea; ulertezina, oraindik orain, emakumeak* susmagarri egin eta arduraren fokua gugan jartzea”.
Horren aurrean, aldarrikatu dute “ezinbestekoa” dela erakundeek “hiriko zoko guztietan gauzatuko diren konpromiso politiko argiak hartzea”, eta “hitzetatik ekintza zehatzetara” joatea. Era berean, gogorarazi dute agintarien ardura dela behar besteko bitartekoak eskaintzea, mugimendu feministaren autonomiari zilegitasuna emanez, eta lankidetzari eutsiz. Esan dute indarkeria matxistarekin amaitzeko gakoa dela “erroetara jotzea” eta “egiturazko neurri integralak” hartzea. Feministek garrantzitsutzat jo dute “fokua erasotzaileen gain” jartzea, baita prebentzioan, kontzientziazioan, heziketan eta sistema judizialean eragitea ere.
Sara Majarenas eta Izarri elkartasuna
Agerraldian parte hartu dutenek, indarkeria matxistaren beste aurpegi bat nabarmendu nahi izan dute: “Beldurrez eta babes gabe bizi diren emakumeen* errealitatea”. Sara Majarenas eta bere alaba Izarren kasua, errealitate horren erakusle dela adierazi, eta biekin elkartasuna adierazi dute. “Asko dira, indarkeria matxistaren biktima izanda, egungo sistema judizialera jo, eta libre bizi ezin direnak, beldurrez edo babes gabe sentitzen direnak”, azaldu du Urrusolok. Egungo justizia eredua gogor kritikatu dute, eta salatu dute “emakumeak* berbiktimizatzeaz gainera” ez diela euren beharrei behar bezala erantzuten.
Besteak beste, Majarenas espetxean zegoela, Valentziar Generalitateak Izarren kustodia 24 egunez kendu ziola gogoratu dute, umeak aitaren erasoa jasan ostean. Gainera, haurraren egoera zaila zen arren, Majarenas zigor osoa betetzera behartu zutela nabarmendu dute, baita Sarak askatasuna eskuratu bitarte, ugari izan zirela egindako urraketak.
Erasotik bi urte igaro dira orain, eta feministen arabera, “epaile batek erasotzailearen kaleratzearekin ama-alabak beldurrez bizitzera kondenatu ditu”. Honela deskribatu dute bien egungo egoera: “24 orduko dispositibo telematikoa eta babes poliziala eraman behar dituzte; egoera horrek suposatzen duen etengabeko tentsioarekin bizitzera behartuta daude”. Azken hilabeteetan erasotzailearen seinalea galdu dela jakinarazi dute.
Irailaren 10ean hasiko da Izar eta Sara Majarenasen erasotzailearen aurkako epaiketa, Valentzian. Hori dela eta, igandean, hilaren 8an, manifestaziorako deia egin du Sara Izarrekin plataformak. Bizi nahi dut lelopean abiatuko dira Bulebarretik, 13:30ean. Donostiako mugimendu feministak gaurko agerraldia aprobetxatu du mobilizazioarekin bat egiteko. Halaber, hiriko hainbat eragile feministak atxikimendua eman dute: Medeak, Arrats, Plazandreok, Sardiñerak kofradia, Egiako Neska* Gazteak, Egiako Emakume* Brigada, Zirgari Donostiako Piraten lan talde feminista, Groseko Asanblada Feminista, Intxaurrondoko Gazte Feministak, Donostiako Bilgune Feminista eta Donostiako Asanblada Feminista. Honela azaldu dute: “Sara eta Izarrek gure babesa eta beroa dutela adierazteko, eta epaiketa justu bat izan dezaten aldarrikatzeko, erasorik gabeko bizitzak eta hiriak eraiki nahi ditugulako, eta, oro har, emakume, trans eta bollerok libre bizi nahi dugulako”.
Babes sarea
Bide batez, agerraldia baliatu dute Donostiako mugimendu feminista lantzen ari den egitasmo baten berri emateko: Babes sarea. Emakume ugarik bizi duten “babesgabetasunaren” aurrean, egoera “arindu” eta “modu komunitarioan” aurre egiteko sare bat izateko asmoz ari dira lanketa egiten, eta iragarri dute datozen hileotan emango dutela proiektuaren berri. “Jakitun gara egoera iraultzeko sakoneko aldaketak behar direla, baina gure esku egon daitekeen horretan urrats bat ematera goaz”, gaineratu dute.