Donostian euskaldun izateko kanpaina aurkeztu dute
Euskara ikasteko #euskaldunizate matrikulazio kanpaina abian jarri dute Donostiako Udalak eta hiriko euskaltegiek zein zentro homologatuek. Irailean zehar izena emateko aukera dute 2019-2020 ikasturtean euskara ikasi nahi dutenek.
Iazko lelo bera erabili dute aurtengo kanpainan. “Euskalduntzeko modu ugari adierazten ditu, eta euskaraz zein gaztelaniaz du esanahia: euskaldun izatea, euskaraz, eta euskara ikasita euskalduntzea, euskaldunizatzea alegia, gaztelaniaz”, azaldu du Jon Insausti Euskara zinegotziak. Udazkenarekin batera datorrenez matrikulazio kanpaina, “hitz eta letra zaparradak irudikatu dira aurtengo iruditerian, euskararen zaparrada irudikatzeko”.
Euskaltegien eta zentro homologatuen ardura nagusia zein den azpimarratu du Xabier Vazquezek: “Baliabideak eskaintzea da ardura nagusia: ulertzen ez duenak ulertzeko, hitz egitea kostatzen zaiona seguruago sentitzeko, literatura edo prentsa euskaraz irakurtzea arrotza zaiona erosoago sentitzeko, hitanoa inoiz erabili ez duenak ikasteko, batuan edo beste euskalkietan trebatzeko…Beraz, herritar asko daude gonbidatuak euskaltegietara; izan ere, helburu asko egon daitezke euskaltegietan izena emateko, dagoeneko euskalduna izan ala ez”.
Euskara ikasi nahi dutenek, irailean hasita, Donostiako edozein euskaltegitan izena emateko aukera izango dute eta Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuan ikastaro horietarako diru-laguntza eskatzeko epea, berriz, urriaren 1etik azaroaren 16ra egongo da zabalik. Urritik aurrera euskara ikasten hasiko direnek eskatu ahal izango dute diru-laguntza Euskara Zerbitzuan (Konstituzio plaza, 2) eta UdalInfo bulegoetan: Udaletxean, Morlansen, Eason eta Altzan. Diru laguntza eskaera online egiteko aukera ere izango dute herritarrek www.donostia.eus eta www.donostieuskaraz.eus webguneetan.