Giza katea egingo dute igandean, erraustegiaren aurka protestatzeko
Aurreko urteetan bezala, Errausketaren Aurkako Mugimenduak giza katea antolatu du Kontxako Banderaren bigarren igandean, hilaren 8an, hain zuzen. Beste hainbat talde politiko, ekologista eta sindikatuk ere bat egin dute deialdiarekin, eta 11:30ean hasiko da Kontxa hondartzan.
Atzo egin zuten mobilizazioa aurkezteko agerraldia, eta nabarmendu zuten aurten egoera berri batean aurkitzen dela erraustegiaren aurkako mugimendua. “Donostiako erraustegia eraikita dago, eta edozein egunetan hasiko da zaborra erretzen”, ohartarazi zuten. Errausketa instalazioa eraikita egon arren, mugimenduak bere borrokarekin jarraituko duela jakinarazi zuten, baita euren aldarrikapen nagusiarekin ere: “Erraustegia gelditu”.
Era berean, Errausketaren Aurkako Mugimenduak, hainbat datu zabaldu ditu ohar bidez. Mugimenduaren arabera, 2018an Gipuzkoan sortutako errefusa, erraustegiak erre dezakeenaren erdia izan da gutxi gorabehera, eta gutxitzeko joerarekin jarraitzen du urtez urte. Horren aurrean, galdera bota diete agintariei eta Urbaser enpresa txinatarrari: “Nola osatuko duzue eraikitako monstruoa elikatzeko beharrezkoa den zaborra? Zaborra inportatzen hasiko al zarete Europako hainbat erraustegiek egiten duten moduan?.
Bestalde, jakinarazi dute Donostiak horretan egiten duen ekarpena “ikaragarria” izan arren, erraustegiak zabor gehiago behar duela erre ahal izateko. Iaz Donostia izan zen biztanleko errefus gehien sortu zuen Gipuzkoako herria (288 kg); beste herri gehienetan 160 kg biztanleko izan zen sortutako errefusaren batez bestekoa. Horren aurrean Donostiako Udalak duen jarrera salatu dute: “Azken lau urteetan ez du ezer egin egoera nazkagarri hau aldatzeko”. Gainera, agintariei eskakizun zehatzak egin dizkiete: “Klimari buruzko hitz potoloez gain, benetako neurriak ezartzea eskatzen diegu”. Mugimenduaren ustez, neurri horiek ekonomia zirkularraren bidetik joan behar dira “nahitaez”: murriztu (batez ere plastikoen erabilera), berrerabili, birziklatu, konpostatu eta geratzen den errefusa egonkortu ondoren zabortegira bidali.
Aurreko urteetako egitasmoa errepikatuz, kalera irtengo dira berriro ere igandean, eta argi adierazi dute “ez dutela etsiko”. “Gure seme-alabentzat eta gure bilobentzat planeta bizigarria nahi baldin badugu, ezin dugu biharko utzi”, gaineratu dute.