Helduentzako bertso eskolan izena emateko epea zabalik da
Bertsotan ikasi nahi duten donostiarrek aukera berri bat izango dute horretarako ikasturte honetan. Bagera elkarteak eta Bertsozale elkarteak Helduentzako bertso eskola antolatu dute aurten ere, eta izena emateko epea zabalik da dagoeneko. Aurten, urriaren 2tik maiatzaren 27ra egingo dute ikastaroa, asteazkenetan 18:15etik 19:15era; saioak Bagera elkartearen egoitzan izango dira (Hernani kalea, 15), eta Beñat Gaztelumendi bertsolaria izango da gidaria. “Ikastaroan barruan denok dugun bertsolari txiki horri forma eman eta oinarrizko teknikak ikasteko aukera izango da”, azaldu dute antolatzaileek.
2019 – 2020 ikasturtean zehar, bertsolaritza eta bertsogintzaren atal desberdinak landuko dira, saioen egituratik bat-bateko bertsolaritzara, bertsoen kritikatik bertso paperetara, teoria praktikarekin uztartuz eta tarteka gonbidatu berezien laguntzarekin. Ikasturte osoko matrikula 50 eurokoa izango da, eta izena emateko bagera@bagera.eus helbide elektronikora mezu bat bidali edo 943 005 074 telefonora deitu beharko da.