Kontxako lagundutako bainu zerbitzua "negargarria" dela dio Elkarrekin Donostiak
“Lagundutako bainu zerbitzua eskaintzen zuten bi aulki anfibioak ez daude funtzionamenduan abuztuaren 27tik”, salatu du Haizea Garaik, Elkarrekin Donostia udal taldeko zinegotziak. Bi anfibioak konpontzeko langilerik ez dagoela adierazi du udalak.
Donostiako hondartzetan zaintza, salbamendu eta bainu zerbitzurako material faltari buruz aurkezturiko kexaren ostean, Marisol Garmendia zinegotzia berriz ere interpelatuko du koalizioak, “bainu zerbitzua negargarria delako”.
Bestalde, aurten lagundutako bainu denboraldiak beste murrizketa bat izan duela esan du Garaik: “Orain arte zerbitzua etenik gabekoa zen ekainaren 15etik irailaren 15era, eta aurten, berriz, iraileko zerbitzua hileko lehen bi asteburuetara murriztuko da”. Hori dela eta, Elkarrekin Donostiak datorren udarako zerbitzu bat eskatuko die EAJren eta PSE-EEren udal gobernuari.