Woody Allenen filma eta Donostiako turismoaren eraginak, The Guardianen
Bizilagunekin plataformako Mikel Agirrek idatzitako artikulua bere webgunean argitaratu du egunkari britaniarrak. "Nire hiriak behar duen azken gauza da Woody Allenek munduan saldu gaitzala" da testuaren titulua.
The Guardian egunkari britaniarrak Donostiako turismoaren eta Woody Allenen filmaren inguruan hitz egiten duen iritzi artikulua argitaratu du gaur. Bizilagunekin plataformako Mikel Agirrek idatzi du testua, eta hor azaldu du Donostiak jada “gehiegizko turismoa” jasaten duela, eta Woody Allenen filmaren eraginez, hiria “bere arrakasta propioaren biktima” izatera iritsi daitekeela.
Ikusleria globalak erraz antzeman ditzakeen klixeen bidez, Allenen filmak hiriko errealitatearekin zerikusirik ez duen Donostiaren itxura bat emango duelaren beldur da Agirre. Hala ere, Bizilagunekin plataformako kidearen kezka nagusia da hiriaren inguruan egiten ari den etengabeko marketin kanpaina horren ekarri dezakeena: “Donostian inplementatzen ari den marketin estrategiak gehiegizko turismoan eta atzerapenean oinarritzen den gurpil zoro baten arriskua dakar. Turista kopurua areagotzearen alde eginez, espazioaren benetakotasuna mehatxatu eta, ondorioz, turistaren esperientzia bera degradatzen da. Turista-oldeak martxa berean hazten jarraitzen badu, Donostia euren arrakasta propioaren biktimak izan direnen zerrendara batzera kondenatuta egongo da, Venezia eta Bartzelonaren modura”.
Artikulu osoa The Guardianen webgunean irakurri daiteke ingelesez.