Z, diktaduraren aurkako letra
‘Z’
Zuzendaria: Costa-Gavras
Urtea: 1969
Herrialdea: Frantzia-Aljeria
«Ez da ustekabea edozein antzekotasun izatea egiazko gertakizunekin, bizirik edo hilda dauden pertsonekin. Borondatezko ekintza da». Asmo-adierazpen horrekin ematen dio hasiera Costa-Gavrasek Z filmari, nazioarteko arrakasta lorrarazi zion thriller politikoari. Ordutik, Gavrasen ibilbideak bere horretan jarraitu zuen: garai eta herri bakoitzeko giro politiko ustelak eta gertakizun bidegabekoak salatuz, zinema bera ekintza politikoa dela aldarrikatuz.
Aurtengo Zinemaldian Donostia Saria jasoko du Gavrasek, bere zinema konprometituaren aitorpena izango den keinua. Tabakaleran, berriz, Z filma ikusi ahal izango dugu gaur, irailaren 6an, 19:00etan.
Z filmaren proiektua 1967. urtean jarri zuen abian, bere jaioterrian, Grezian, diktadura ezarri berri zenean, G. Lambrakis diputatu ezkertiarraren hilketa salatzeko. V.Vassilikosen eleberria izan zuen abiapuntu. Hala ere, Z filmaren istorioa ez zuen Grezian kokatu, Europaren kostaldeko edozein herritan baizik, nonahi gertatu litekeelako.
Hasieran militarrek menperatutako herrialde ustez «demokratiko» horren egoera ikusaraziko du. Batetik, militarrak eta poliziak bilduko dira kontrako ideologia desberdinak kontrolpean mantentzeko prozedura eztabaidatzeko, eta, bestetik, oposizioko alderdiaren liderra, Z diputatu ezkertiarra, herrira iritsiko da armagabetze nuklearraren aldeko mitin baketsu bat eskaintzeko asmoarekin. Oztopoak oztopo, mitina egin ahal izango du azkenean, baina, bitartean, eskuin muturreko taldeek zein asmo txarreko militarrek liskarrak sortuko dituzte hiriaren kanpoaldean.
Mitinaren ostean, bi sikariok Z diputatua erail egingo dute, eta gobernua lanean hasiko da hedabideek «egia ofiziala» argitaratu dezaten («Auto istripuaren bertsio ofiziala» nagusitzeko premia dago). Oposizioko alderdiaren kideak, aldiz, babesik gabe geratuko dira sistema ustel horri aurre egiteko orduan, kaleetan ikerketa faltsuaren eta diktaduraren aurkako protestak areagotu egingo diren bitartean. Gainera, kontrako frogak dituen argazkilari bat azalduko da mitinean, egia azaleratu asmoz.
Bien bitartean, magistratu gazte batek jasoko du ikerketaren jarraipena egiteko betebeharra. Sinetsiko al ditu funtsik gabeko akusazioak? Topatuko ote du sikarioen eta militarren arteko harremanik? Fiskalaren xantaiaren aurrean, amore emango ote du? Ausartuko ote da gobernuari aurre egiten?
Aipagarria da, erabat, pertsonaien, zein aurkeztutako egoeren errealismoa, Costa-Gavrasek kamera liskar eta istiluen erdi-erdian sartzen baitu. Istorioa, berez, zirraragarria bada, muntaiaren erritmo azkarraren bidez, tentsioa biziagotuko du. Gainera, flashback teknikaren erabilerek istorioaren kronologia argituko dute, beti ere, ikusleari abantaila eskainiz ikerketan.
Horregatik, ez da harritzekoa Z filmak sari ugari irabazi izana: Epaimahaiaren Sari Berezia eta Jean-Louis Trintignant-entzat aktore onenaren saria irabazi zituen Cannesko zinema-jaialdian (1969), eta atzerriko film onenaren eta muntaketa onenaren Oscar sariak jaso zituen ere urte horretan. 50 urte beranduago, Costa-Gavrasen drama politiko hau gaurkotasun handiko aldarrikapena da, historian behin eta berriro errepikatu den egoera erretratatzen baitu. Finean, filmaren bukaeran adierazten den bezala, beti egongo baita gobernu totalitarioen aurkako erresistentzia: «Z-ak bizirik egotea esan nahi du grezieraz».