ETAren bost biktimaren omenezko plakak erasotu dituzte
Askatasunaren hiribidean dauden ETAren bost biktimaren omenezko plakak erasotu dituzte hirugarren aldiz, eta oroigarriak aldatzera konprometitu da Eneko Goia alkatea. Udalak “irmoki” gaitzetsi du erasoa, eta Goiak adierazi du erasotzaileek “ankerkeria eta basakeria berezia” azaldu dutela, “modu bidegabean erailduak” izan ziren bost pertsonen memoriaren aurka. Joan den martxoan plakak jarri zituztenetik, hiru eraso izan dira, eta aurreko biak abuztuan izan ziren, plakak margo beltzarekin estaliz. Goiak azaldu duenez, erasoen egileak nortzuk diren argitzeko ikerketa abian da, eta emaitza epailearen esku jarriko dute, deliturik ote dagoen ondorioztatzeko.
ETAk 1976an eraildako Juan Maria Araluce Villar, Jose Maria Elizegi Diez, Antonio Palomo Perez, Alfredo Garcia Gonzalez eta Luis Francisco Sanz Floresen omenezkoak dira plakak, eta Askatasunaren hiribideko 7 eta 9 zenbakien artean daude oroigarriak, atentatuaren lekuan bertan.