Kaio populazioa egonkortu dela adierazi du Aranzadi Zientzia Elkarteak
Donostiako Udalak kaioak kontrolatzeko neurriak hartuko dituela iragarri du. Horren aurrean, kezka agertzeko Aranzadi Zientzia Elkarteak oharra plazaratu du. “Gipuzkoako kaio populazioa egonkortuta dago eta ez da hazi; alderantziz, gainbehera antzeman da azken urteotan. Testuinguru horretan, ezin da esan orain 5 edo 10 urte baino kaio gehiago dagoenik”, adierazi dute.
2005etik Ornitologia Saila Gipuzkoako kaioen populazioa aztertzen ari da. Ildo horretan hainbat ikerketa lan egiten ari dira, doktore-tesiak eta nazioarteko argitalpen zientifikoak barne. Ikerkuntza-lan horri esker Aranzadik euskal kostaldeko kaioen demografiari, mugimenduei eta ekologia trofikoari buruzko informazio osatua eta zehatza du.
Kaioak animalia oportunistak direla azpimarratu du Aranzadik, eta gizakiak sortzen dituen hondakin organikoez elikatzera moldatu direla kasu batzuetan: “zabortegietan dagoen zaborra, arrantza-bazterkinak, hirian bertan sortzen diren janari-hondarrak eta abar”. Zabortegien itxiera dela eta, hegazti hauen elikatzeko modua egokitu dela diote. “Zenbait alek hirian elikagaiak bilatzen ikasi dute, hondartzetan esaterako”.
Hain zuzen ere, hondartzetan kaioak egoteak sortu du udalaren asmoa. “Hondartzetan kaiorik egon ez dadin erabiltzaileak informatu, kontzientziatu eta beraien erantzukizuna azpimarratu behar da, adibidez kaio horiek ez elikatzeko neurriak sustatuz”, esan dute. Era berean, hondartzetan edo beste hiri-inguruneetan aleak harrapatzeko eta hiltzeko aukerak ez lukeela eragin nabarmenik izango gaineratu dute. “Hazkuntza kolonietan esku hartzea guztiz desegokia litzateke. Beste eremu batzuetan antzeko esperientziak izan dira eta naturalki hazten diren eremu horiek ezabatzerakoan hiriguneetara hurbildu dira hegazti hauek, eragozpenak eta gatazka soziala sortuz. Era berean, kaioen erreprodukzioa eteten saiatuko balira ale gazteen produktibitatea eta biziraupena handitzeko arriskua legoke”.