Kultur eskaintza zabala prestatu du Donostia Kulturak udazkenerako
Udazkena iristear da, eta Donostia Kulturak prest dauka jada urritik aurrera haur eta helduentzat eskainiko duen programazioa. Helduentzako 64 ikuskizun programatu dituzte, non dantza, musika eta antzerkia nagusi diren. Guztira 20 antzerki ikuskizun, 8 dantza ikuskizun eta 36 kontzertu egongo dira, Victoria Eugenia Antzokian, Antzoki Zaharrean, Lugaritzeko Imanol Larzabal Aretoan, Egiako Gazteszenan, Intxaurrondo Kultur Etxean eta Larratxo Kultur Etxean banatuta.
Musika eskaintzaren artetik, urriaren 3 eta 5 artean egingo duten 14. Donostikluba Festibala nabarmentzen da. Antzerkiari dagokionez, aldiz, Tartean Teatroa konpainiaren Ghero eta Aitziber Garmendiaren eta Jon Plazaolaren Moko zorrotza antzezlanak dira obra azpimarragarrienak. Udazkeneko egitarau osoa esteka honetan kontsultatu daiteke.
Emanaldietara joateko abonamendu batzuk prestatu ditu Donostia Kulturak, eta antzerki eta dantza arloko emanaldi batzuetan %25eko deskontua lortu daiteke –bazkideek %10 gehiago–. Emanaldi guztietako sarrerak salgai daude jada Donostia Kulturaren webgunean.