Zubietarrek erraustegiaren kutsadura neurtuko dute bi erakunde zientifikoren laguntzarekin
Zubieta Lantzen elkartearen egitasmoak inguruetako laginak jasoko ditu, erraustegia piztu aurretik eta ondoren, emaitzak alderatu eta kutsadura maila neurtzeko. Herbehereetako eta Euskal Herriko bi erakunde kontratatu dituzte ikerketa zientifikoa garatzeko.
Gardentasunaren izenean eta autodefentsa modura hartu dute ekiteko erabakia: Zubietako herritarrek erraustegiaren inguruan dauden lursail, landare eta arrautzetan laginak hartuko dituzte, kutsadura maila neurtu eta erraustegiak eragin ditzakeen kalteak agerian jarri ahal izateko.
Zubietako plazan eginiko agerraldian, hamarnaka lagunek babesa adierazi diote Zubieta Lantzen elkartearen egitasmoari. Foru Aldundia, legez, kutsaduraren neurketak egitera behartuta badago ere, lan hori euren gain hartu eta neurketa propioak egitera konprometitu dira herritarrak: “Ez gara besoak gurutzatuta geratuko”.
Neurketek berme zientifikoa izan dezaten, arlo horretan adituak diren bi erakunde kontratatu dituzte zubietarrek: Herbehereetako ToxicoWatch fundazioa eta Eusko Jaurlaritzak akreditatutako Euskal Herriko enpresa bat.
Jakinarazi dutenez, halako ikerketak garatzeko, kutsadura iturria martxan jarri aurretik “preoperazio” bat egitea ezinbestekoa da. Izan ere, horri esker, erraustegia piztu aurretiko egoera zein zen akreditatu ahal izango dute gerora herritarrek. Eta, ordezkari politikoek errausketa urte amaiera baino lehen hasi nahi dutenez, lehenengo laginak datozen egunetan jasoko dituztela iragarri du Zubieta Lantzenek.
Neurketa horietan bildutako emaitzak herritarren eskura jarriko dituela azaldu dute elkarteko kideek eta hedabideetan zein nazioarteko publikazio zientifikoetan ere argitaratuko dituztela adierazi dute.